Ibilgailuen gaineko zergak helbideratzeko deia egin du Markina-Xemeingo Udalak
Berton bulegoan edo helbide elektroniko bidez egin daiteke helbideratzea. Ondasun Higiezinen Zergaren hobarien eskaerak aurkezteko epea ere zabalik dago, martxoaren 4ra arte.
Markina-Xemeingo Udalak deia egin die herritarrei ibilgailuen gaineko zerga helbideratzeko; ordainagiria helbideratuz gero, ordainketa errazago egiteko aukera egongo da.
Zergak helbideratzeko bi bide zabaldu ditu udalak: aurrez aurre udaletxeko Berton bulegoan egin daiteke, eta emailez udala@markina-xemein.eus helbidera idatzita. Hiru datu zehaztu beharko dira helbideratzean: datu pertsonalak, kontu korronte zenbakia eta ibilgailuaren matrikula; horretarako, udalaren web orrian dagoen eskaera orria bete beharko da.
Zerga helbideratuta dutenei martxoaren 6an kobratuko diete, zehazten duten kontu korrontetik. Halaber, zerga helbideratu gabe dutenek gutuna jasoko dute etxean, ordainketa egin ahal izateko.
Hobarien eskariak. Bestalde, Ondasun Higiezinen Zergaren (OHZ) hobarien eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da martxoaren 4ra arte. Besteak beste, honako hauek eskatu dezakete hobaria: familia ugariek (etxebizitzaren gutxieneko balio egozgarria 300.000 eurotik beherakoa bada), energia berriztagarrien sistema homologatuak instalatu dituztenek, obra berriak eta birgaitze obrak egin dituztenek, nekazaritza kooperatibek eta babes publikoko etxebizitza edo etxebizitza programen parte direnek. Informazio guztia udalaren web orrian ipini dute eskuragarri.