Jatetxe Nabarniz, laugarren urtez jarraian nagusi
Jatetxe Nabarniz laugarren urtez jarraian nagusitu da Ispasterko zaldi mandoen 30. sariketan. Kintxopeko 40. sariketa Gaztañeik poltsikoratu du, eta Lea-Artibaiko eskualdeko saria, berriz, Ibekohondok.

Beste urte batez, arrakastatsuak izan dira Ispasterko zaldi proba txapelketak. Lau egunez, iragan barikutik [otsailak 14] atzora [otsailak 17] arte, zaldi probetako parte hartzailerik onenak zein baino zein gehiago aritu dira. Inguruko nahiz eskualdeko partaideez gain, Euskal Herriko edota Espainiako beste txoko batzuetatik joandako parte hartzaileak ere pasatu dira herriko probalekutik. Lehia aparta egin ondoren, Jatetxe Nabarnizek bere legea ezarri du laugarren urtez jarraian. Inor ez da bere mailara ailegatu zaldi mandoen 30. sariketan, eta 71 untzagaz gailendu da.
Fikako Garcia izan da bigarrena, 69 untzagaz, eta podiuma Guriezoko Fermin Santamariak osatu du, 67gaz. Ondoren, honako parte hartzaileak sailkatu dira, hurrenez hurren: Zallako Enkarterri Turf Power (66 untza 1/4 376 zentimetro); Zumaiako Talai Jatetxea (64 untza 4643 zentimetro); Zumaiako Etxetxo (64 untza); Aulestiko Ibekohondo (63 untza); Markina-Xemeingo Gaztañei (62 untza); Nabarnizko Zubizarreta (54 untza 1/4 120 zentimetro); Etxebarriko Irubide (54 untza); Laudioko Jose Angel Lopez (52 untza); eta, azkenik, Fermin Santamariaren bigarren lantaldea (40 untza 535 zentimetro).

Argazkia: Jatetxe Nabarniz.
Kintxopekoen 40. sariketari dagokionez, Gaztañeik irabazi zuen, Irubideren ostean. Parte hartzaile horiei biei bat aurreratu zitzaien, baina, Lea Artibaiko eskualdeko sariketan: Ibekohondo. Mantaz eta txapelaz gain, 800 euroko dirusaria poltsikoratu zuen Jatetxe Nabarnizek; Ibekohondo eskualdeko garaileak, 120 eurokoa; Gaztañei kintxopeko irabazleak, 300 eurokoa.