Anexo guneko aparkalekua eraberritzeko proiektua abiarazi du Ondarroako Udalak
Anexo guneko aparkalekua berregiteaz gain, bertatik igarotzen den Zaldu erreka bistaratuko dute.

Aparkalekuen arazoari irtenbidea emateko helburuagaz, Zaldupe Eskolaren alboan dagoen anexo guneko disuasio aparkalekua eraberritzeko prozesua abiarazi du Ondarroako Udalak. Proiektua aurrera eramateko, gunearen gaineko eskumenak dituzten erakundeek Zaldu erreka bistaratzeko baldintza jarri diote udalari. “Gaur egun aparkalekuaren azpitik doa Zaldu erreka, hodien bidez, eta gunea eraberritzeko orduan jarri diguten ezinbesteko baldintza izan da erreka bistaratzea. Beraz, erreka bistaratzeko prozesuak aparkalekuko zati handi bat ez kentzea lortu ondoren, proiektua diseinatzen dabil Dair ingeniaritza enpresa”.
Guztira 14.800 eurokoa da aurrekontua, BEZik gabe, eta udako prest egongo da proiektua: “Udan zehar jasoko dugu proiektua, eta orduan jakingo dugu zein izango den kostu erreala, zein ezaugarri izango dituen, zenbat kotxe sartuko diren, eta baita, erreka nola bistaratuko den ere. Behin proiektua jaso ondoren, aparkalekua egiten hastea da asmoa, eta agintaldia amaitu aurretik eraberritzea amaituta egotea da gure helburua”.
Eraberritze lanetan ingurumenak “berebiziko” garrantzia izango duela adierazi du Ondarroako Udalak: “Natura 2000 sareak babestutako eta europar bisoia ugaltzeko gune aproposa da. Bistaratzen den errekaren ingurua ahalik eta naturalen berrezartzeko baliabideak ezarriko dira, begetazioa berezkoa izan dadin”.
Udal Gobernuak hauteskunde programan ezarritako oinarrietako bat izan zen herrian dagoen aparkalekuen arazoari irtenbidea emateko plan bat egitea: “Mugikortasuna errazteko eta aparkalekuen arazoa konpontzeko gakoa izan daiteke anexoko gunea berregitea. Disuasio aparkalekua da, hau da, herriguneko periferian kokatzen da, eta aldi berean, herriaren erdialdetik hurbil dago”.