Udane Barinagarrementeria: "Zaintzak zentralitate handia dauka musika eszena transfeministetan"
Euskal Herriko musika eszena transfeminista ikertu du Udane Barinagarrementeria Lakak, master amaierako lanean. Honetarako, Zuk Zeuk Egizu filosofia lan tresnatzat darabilten eta politika transfeminista oinarri daukaten eszenak aztertu ditu. Eszena horietan plazera erdigunean dagoen elementua dela ondorioztatu du, besteak beste.

Ikerketa Feministak eta Generokoak masterra bukatzear zegoela, “kitzikatzen” zuen gai bat aukeratu beharrean aurkitu zen Udane Barinagarrementeria Laka (Markina-Xemein, 1996), master amaierako lanerako. Hortaz, burua martxan jarri, eta Euskal Herriko panorama musikala agertu zitzaion parez pare. Horrekin daukan harremana abiapuntutzat hartuta, Euskal Herriko musika eszena transfeminista ikertu du. Behin lan akademikoa amaituta, ikertzen jarraitzea du asmo markina-xemeindarrak, prozesuan zehar heldu ez den ertzak ukitzen jarraitzeko.
Musika eszena transfeministak ikertu dituzu. Zerk eraman zaitu gai hori mahaigainean jartzera?
Mugiarazten ninduen zerbait ikertu nahi nuen. Betidanik izan naiz musikazalea, baina denbora tarte batean, musikagaz haserre egon nintzen, batez ere underground edo punk mugimenduko musikagaz, emakumeek musika eszena horretan zeukaten paperagatik. Bazterkeria handia ikusten nuen, eta ez zen horren inguruan hitz egiten. Bestalde, nire esperientziatik abiatuz, ikusi nuena zera izan zen, eszena batzuetan ez zegoela bazterketarik, eta hark musikagaz beste leku batetik harremantzeko aukera eman zidan.
Zuk Zeuk Egizu filosofia lan tresnatzat daukaten eszenak ikertu dituzu. Zer da zehazki Zuk Zeuk Egizu filosofia?
Euskal Herrian Zuk Zeuk Egizu filosofia (Do it yourself) musika munduan erabiltzen da, oro har, baina politikan, artean edo beste esparru batzuetan ere erabili daiteke, nahiz eta musikan beste ondorio batzuk izan ditzakeen. Eskuetan daukazunagaz ekitea: hori da filosofiaren oinarria. Alde batetik, profesionaltasun edo ezagutza tekniko handia suposatu dezake musikak, eta ideia horrek dakarrena da profesionaltasunik ez dela behar, musika egiteko. Gogoa izanez gero, lagun taldea batu, musika tresnak lortu, eta jotzen hastea da kontua.
Ariketa kolektibo bat da?
Bai. Zerbait indibiduala dela eman dezake: Zuk zeuk. Baina kolektiboa du oinarri. Bakarrik ezin da, kolektiboan, ordea, bai; beste batzuekin edo elkarrekin egite hori da filosofiaren xedea.
Ikerketan Yony Leyserren Queercore liburuan jasotako Bruce Labrucen adierazpena agertzen da: “Ni bi azpikulturek baztertu ninduten: gayak eta punkak. Horregatik sentitzen nintzen beti ertzaren ertzean (…) Beraz, Toronton eszena gay-punk bat martxan zegoen ideia zabaltzea izan zen gure estrategia, marika eta bollerekin eta transekin. Mundu guztia borrokan ari zela, eta ez soilik burgesiaren barneko gay ortodoxiaren aurka, baizik eta gizon punken aurka, ez baitziren beraiek esan bezalako erradikalak, ez baitzuten marika eta bollerarik nahi”.
Hori da ideia. Lehenengo eszena queer ezagunena Queercore mugimendua izan zen. Eszena punkean eta gay mugimenduan lekurik ez zeukaten bollera, marika eta transak ziren. Beraz, onartuak ez zirenez, beraiek sortu zuten mugimendu propioa, eszena eta bizipen edo esperientzia propioak sortuz.
Eszena transfeminista Euskal Herrian 2010aren bueltan hasi zela diozu.
Zaila da esatea noiz hasi zen. 80. hamarkada amaieran bazeuden mezu feministak botatzen zituzten emakume taldeak, nahiz eta garai hartan ez zuten beraien burua feministatzat hartzen, eta are gutxiago transfeministatzat. Oholtza gainean egote eta Me gusta ser una zorra abestia kantatze hutsarekin, baziren. Baina 2010. urte inguruan hasi ziren ikuspegi feministatik musika gehiago kuestionatzen. Mefsst! jaialdi feministak egiteko, tailerrak ematen eta jaialdiak antolatzen hasi ziren. Bilbo inguruan Nesken Gauak eta Iruñan Ladyfest bezalako egitasmoak aurrera eraman ziren. Kezka kolektibo bat zegoela ikusi zen, eta nolabaiteko loraldia eman zen, kolektiboki.
Euskal Herria hartu duzu marko bezala, eta elkarrizketa desberdinak burutu dituzu, baita espazio desberdinak bisitatu ere.
Musika eszena bat ez dute soilik zuzeneko kontzertuek osatzen: hori baino gehiago da. Zuk Zeuk Egizu filosofia eta transfeminismoa oinarri duten jaialdietara heltzeaz gain, talde desberdinak ere elkarrizketatu ditut, baita antolatzaileak ere: Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean sortutako Mefsst! jaialdiko antolatzaileak, Araba Mendialdeko Asteriskes kolektiboa eta Oñatiko Kallejeruak ekimena dira batzuk, besteak beste.
Izerdia plazer kolektiboa adierazteko elementua izan daitekeela ondorioztatu nuen, askatasuna aldarrikatzeko modu bat, adibidez, pogoetan.
Elkarrizketa horietan, espazio batzuetan jasaten den biolentziaren eta beste batzuetan jasotzen den goxotasunaren inguruan hitz egin duzu. Zergatik da garrantzitsua horri buruz hitz egitea?
Alde batetik, biolentzia badagoelako, eta urte guzti hauetan egon delako. Gauza batzuekiko alternatibo eta antisistema diren espazio horietan biolentzia dagoela esatea kostatu egiten da, gure lagunak direlako indarkeria erabiltzen dutenak. Bestalde, beste era batera antolatzeko aukera luzatzen du, espazio seguruak nahi baditugu, honen inguruan hitz egin behar dugu. Hala ere, uste dut harago joan behar garela eta, espazio segurua izateaz gain, plazera erdigunean duten espazioak izan behar dira.
Ikerketan espazio transfeministetan plazera erdigunean dagoela ondorioztatu duzu. Nola islatzen da hori horrelako eszenetan?
Zaila da plazera zer den hitzekin azaltzea. Baina nik oso argi ikusi nuen horrelako espazioetan izerdia oso presente zegoela. Sara Ahmeden Praktika izerberak lanagaz aurkitu nintzen, eta izerdia plazer kolektiboa adierazteko elementua izan daitekeela ondorioztatu nuen, askatasuna aldarrikatzeko modu bat, adibidez, pogoetan.
Zaintzan oinarritutako pogoak egin daitezke?
Bai, eta esperientzia oso guapoa da. Pogoen iruditegia, orokorrean, biolentoa da. Beraz, interesgarria da zerbait biolentoa izatetik, plazera emateko eta amorrua adierazteko espazioa izan daitekeela ondorioztatzea. Ikuspegi transfeminista batetik, ulertu behar da pogoek zaintza izan behar dutela erdigunean, ezin daitekeela amorrua edozein modutara adierazi. Hau da, libre dantzan egiteko espazioa da, baina kolektiboan ezarritako irizpide eta oinarri batzuekin.
Ikerketa aitzakia modura erabiltzea ondo legokeela uste dut, Euskal Herriko eszena transfeministen inguruan hitz egiten jarraitu ahal izateko.
Horrelako espazioetan zaintza eta zaurgarritasuna ere erdigunean daudela diozu.
Konturatu nintzen punk mugimenduan amorrua oso presente dagoen elementua dela, finean, oso argi dagoela zeren kontra gauden. Baina, eszena transfeministetan, amorrua eta haserrea ez dira soilik zeren kontra gauden adierazteko bi elementu; mina, kontraesanak, frustrazioak eta inpotentzia adierazteko ere erabiltzen dira. Zaurgarritasuna elkarbanatzeko espazioak dira, eta horrek, nola ez, zaintza behar du erdigunean. Horregatik uste dut zaintzak zentralitate handia daukala eszena trasnfeministetan, ulertzen delako zaurgarriak garela, eta halabeharrez partekatu behar dela politika egiteko; ez dela ezkutatu behar den zerbait, baizik eta mahaigainean jarri behar dena.
Ikerketak zein ibilbide egitea gustatuko litzaizuke?
Alde batetik, ikertzen jarraitzeasko gustatuko litzaidake, baina ez hain modu prekarioan; izan ere, gai horren bueltan ertz eta bide asko dauden sentsazioagaz gelditu naiz. Bestalde, eszena horietara ikerketa eramatea eta eztabaidak zabaltzen saiatzea ere gustatuko litzaidake. Horrenbestez, ikerketa aitzakia modura erabiltzea ondo legokeela uste dut, Euskal Herriko eszena transfeministen inguruan hitz egiten jarraitu ahal izateko.