Euskorpus, euskara esparru digitalean sustatzeko ekimena aurkeztu dute
Euskorpora elkarteak Euskorpus ekimena garatuko du, besteak beste, adimen artifizialaren potentziala euskararen zerbitzura jartzeko. Proiektua hiru fase nagusitan egingo dutela azaldu dute.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, Imanol Pradales lehendakaria buru, eta ingurune digitaletan euskara eta euskal kultura zaindu eta sustatzeko konpromisoa duten ekosistema publiko eta pribatuko beste enpresa batzuekin batera Euskorpora elkartea aurkeztu zuen iragan astean. Elkarte hori arduratuko da ekitaldi berean aurkeztu zuten Euskorpus ekimena garatzeaz. Aurkezpena Heufcara Iagi adi mundura (Euskara jagi adi mundura) lelopean egin zuten, euskaraz argitaratu zen lehen lanari, Linguae Vasconu, Primitiae, erreferentzia eginez. Izan ere, “euskara adimen artifizialera eramateko eman beharreko jauzi kualitatiboa” euskara inprimategietan erabiltzen hasi zen unearekin alderatu nahi izan zuten.
Lehendakariak azaldu zuenez, Euskorpusek adimen artifizialaren potentziala euskaren zerbitzura jarriko du, besteak beste: “Euskorpusek, adimen artifiziala eta hizkuntzaren teknologien potentzial osoa euskararen, gure enpresen eta ikerketaren zerbitzura jarriko du. Horretarako, gure gaitasun guztiak lerrokatuko ditugu, lankidetza publiko-pribatuaren bidez, euskarazko testuen corpus digitala hobetzeko”.
Euskorora elkartearen esku geratuko da Euskorpus ekimena garatzea, “euskararen corpus digitala bilduz, sortuz eta modu aktibo eta metodikoan garatuz, euskara esparru digitalean sustatu eta bermatzeko”. Modu berean, euskararentzako “kode irekiko oinarrizko ereduak” sustatzea ere bilatuko duela jakinarazi du Jaurlaritzak, hizkuntza-baliabide digitalen Europako esparruari lotuta hori “kontseetrbatu, mantendu eta ehun industrialean zein sozialean haren inpaktua eragiteko”. Izan ere, ekimenari esker “euskarazko datu-paketeak” garatuko dira, “fabrikatzaileek internetera konektatutako gailuetan inportatu ahal izan ditzaten, euskaraz funtzionatzeko gaitasuna emanez”.
Adimen artifiziala izango da Euskorpusen oinarria. Izan ere, adimen artifiziala euskalduntzeko prozesu baten bidez, smartphonek, tabletek, erloju adimendunek, aplikazioek edo laguntzaile digitalek “erabiltzaileekin euskaraz elkarreragiteko gaitasuna” izango dute. Era berean, inbertsio horrekin adimen artifizialaren eta “datuaren kudeaketaren euskal ekosistema” dinamizatuko dela azpimarratu dute.
Inplikazio hirukoitza.
Euskorpus proiektua euskarazko corpusa sortzeko “funtsezko tresna” legez definitu du Padralesek. Ekimenak 5,55 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren bidez. Horrez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak ere parte hartuko dute, hasieran 550.000 euroko ekarpena eginez.
“Inplikazio hirukoitza” Jaurlaritzaren gogoetatik jaio dela nabarmendu dute: “Corpus hori sortzea estrategikoa da, hizkuntzaren teknologiek ere euskaraz erantzun dezaten, digitalizazio handiko gizarte batean dauden eta izango diren zerbitzuak behar bezain kalitatezkoak izateko”. Izan ere, euskara merkatu digitalean beste hizkuntzen “antzeko baldintzetan” egotea du xede ekimenak, eta horretarako, “funtsezkoa” da babes publikoa.
Proiektua hiru fase nagusitan gauzatuko dela iragarri dute: lehenengo fasea plangintzarena eta definizioarena izango da, eta corpusaren tipologia eta garatu beharreko ereduak zehaztuko dituen “bulego teknikoa” sortuko dute: “Haren onura jaso dezaketen sektore, aplikazio eta zerbitzu estrategikoak zehaztuko dira”. Bigarren faserako, berriz, “euskarazko corpus linguistikoen bilduma, kode irekien oinarrizko ereduen garapena eta biltegiratze segururako, saiakuntzetarako eta balidaziorako azpiegiturak” bultzatzea aurreikusi ditu. Hirugarren eta azken fasean, bestalde, bildutako ereduak enpresetara, gizartera eta Europako beste datu-plataforma batzuetara transferitzea eta bertan ustiatzea bultzatuko da.
Ekitaldia enpresei Euskorpora elkartearen inplikatzeko deia eginez amaitu zuten, proiektuari “bultzada eta hedapen zabalagoa ematen laguntzeko” eskatuz. Jaurlaritzak, “lankidetza publiko-pribatuaren bidez”, Euskorpus proiektua aberasteko ahaleginak landu eta koordinatuko dituela iragarri du, “horretarako baliabide ekonomikoak zein bestelako baliabide operatiboak lerrokatuz”.