Tarineko 18 ikaslek parte hartu dute Getxoko II. Piano Topaketan
Domekan [otsailak 23] “izugarrizko goiza” pasa zutela nabarmendu dute.

Markina-Xemeingo eta Berriatuko Tarine musika eskolako ikasleek Andres Isasi musika eskolak antolatutako II. Piano Topaketan parte hartu zuten domekan [otsailak 23]. Guztira, adin askotako 18 ikaslek parte hartu zuten. “Izugarrizko goiza” igaro zutela nabarmendu dute.
Bakarlari lanetan eta lau eskutara jo zituzten piezak ikasleek. Askorentzako lehen aldia zen musika eskolatik kanpo jotzen zutela eta “urduritasuna” nabaritu zuten. Andres Isasi musika eskolako auditorioa “Arriaga txiki bat bezalakoa” dela azaldu dute, horrek dakarren urduritasunagaz. “Antzoki baten jo zuten, eszenatoki handi batean, piano handi eta elegante bat jotzeko aukera izan dute, gainera, auditorioak daukan akustika ezin hobeagaz”, esan dute.
Magikotzat jo dute piano topaketak inguratu zuen guztia, “ikusleen isiltasuna eta tokia bera” ikusgarria izan zela diote. Hala ere, ikasleek urduritasunak “alde batera uztea” lortu zuten eta ikasitakoa erakusteko gai izan ziren. Horregatik, “oso harro” agertu dira Tarinetik.
Horrez gain, eskerrak eman nahi izan dizkiete bertaratutako guztiei, batez ere ikasleen familia eta lagunei. Azkenik, “oso eskertuta” agertu dira Andres Isasi musikako eskolako antolatzaileei gonbidapenagatik eta ikasleei “haien musika” erakusteko emandako aukeragatik.