100 urteren ostean, herriaren eskuetan
100 urte eta gero Turismo Bulegoan ikusgarri dago Juan Jose Armintxa arotzak 1925ean egindako arrauna.

Duela 100 urte Juan Jose Armintxa arotzak egindako arrauna Ondarroako herriari eman diote Fernando Agirre Aramaiok eta Ander Badiola Etxaburuk: “Herriko historiaren zatia da arrauna. Orain arte, maitasun handiz etxean gordeta eduki badugu ere, herriari ematea erabaki dugu, herritarrek eta bisitariek ikusi dezaten. Gaurtik aurrera Turismo Bulegoan egongo da, edonork ikusteko moduan”.
Agirrek eta Badiolak Ondarroako Udalari luzatu zioten arrauna Turismo Bulegora eramateko proposamena, eta udalak “baiezko borobila” eman ziela adierazi du Badiolak.
Portugaleten eta Donostian. 1902. urtetik 1925. urtera arte, estropadetan parte hartu gabe egon ziren ondarrutarrak. Baina 1921ean Aurrera Kirol Elkartea sortuaz batera, 1925ean Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Portugaleteko estropadan parte hartu eta irabazi egin zuten ondarrutar arraunlariek. Hori ikusirik, 1926an, Donostiako Kontxako estropada jokatu, eta bandera irabazita bueltatu ziren Ondarroara. Salvador Agirre arraunlariak erabili zuen estropada horretan 100 urte bete dituen arrauna.
Esan bezala, urte horretakoa da Agirrek eta Badiolak gaur arte gordeta eduki duten arrauna. Izan ere, Armintxa arotzak 1925ean egindako arrauna da, pago egurrez egina, eta pieza bakarrekoa: “Armintxak Kaleandin zeukan aroztegi txiki bat, baina arraunak handiak zirenez, ez ziren bertan sartzen. Beraz, Aurrera Kirol Elkarteak zeukan lokal batean egiten zituen, eskuz. Artisau lan itzela egiten zuen”.
Beraz, arotzak arrauna egin zuenetik 100 urte igaro diren honetan, Ondarroaren eskuetan utzi dute Agirrek eta Badiolak: “Denbora luzez egon zen lokal batean, eta gero, Fernando Agirrek hartu eta zaindu zuen. Gaur arte, nire etxean egon da, eta maitasun guztiarekin zaindu dut. Turismo Bulegoan jarri aurretik, Trontxo arotzari eman genion, apur bat tratatzeko. Hortaz, herriarena denez, herriari ematea erabaki dugu”.