375 kilo arrain egoera osasungaitzean eramatearren bi pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak
Domeka goizean identifikatutako bi pertsonei zehapen espedientea ireki die Eusko Jaurlaritzako Arrantza Ikuskaritzak.

Ertzaintzak bi pertsona identifikatu zituen domekan [otsailak 23] goizean Ondarroan, hainbat espezietako 375 kilo arrain egoera osasungaitzean eramatearren, eta arrain mota hori garraiatzeko ibilgailu egokia ez edukitzearren. Eusko Jaurlaritzako Arrantza Ikuskaritzako teknikariak egin ziren materialaren kargu, eta zehapen espedientea ireki die bi identifikatuei.
Ibilgailu batean lonjatik pasa gabeko arraina zeramatela jakinarazi zion Arrantza Ikuskaritzak Ertzaintzari 08:30ean. Ertzaintzak ibilgailua aurkitu eta bi pertsona identifikatu ondoren, mota ezberdinetako 137 kilogramo arrain zeramatzatela ikusi zuten, plastikozko poltsatan. Miatzen jarraitu ondoren, arrainez betetako plastikozko poltsa gehiago aurkitu zituzten, 238 kilo inguru; beraz, guztira 375 kilo aurkitu zituzten.