Bizkaian euskararen erabilera suspertzeko asmoz dator Bizkaian Bagara programa
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak elkarlanean martxan jarri dute Bizkaian Bagara egitasmoa. Bere ardatzak dira euskararen erabilera handitzea, hizkuntzaren biziberritze prozesuan urrats berriak egitea eta biztanleria sektore berrietara normaltasunez hurbiltzea

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaian Bagara egitasmoa aurkeztu du, euskararen erabilera handitzea eta hizkuntzaren biziberritze prozesuan aurrerapausoak egitea helburu duena. Elkarlana oinarri, Bizkaiko eskualde eta biztanleria sektore guztietara iritsi asmoz ondu dute proiektua aldundiak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak, eta datozen hiru urteetarako lana aurreikusi dute. Proiektuaren aurkezpena martitzenean [otsailak 25] egin zuten, eta bertan izan ziren Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Leixuri Arrizabalaga, batetik, eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduaren koordinatzaile Jasone Mendizabal, bestetik.
Bizkaia Bagara lurraldeko euskara saretzearen eta aktibazioaren araberako diagnosian oinarrituta dago. Hala, erabileran ipiniko dute fokua, hiru lan ildo eta hainbat esku hartze mota nabarmenduz. Lan ildoak honakoak dira: tokian tokiko euskaltzaleen aktibazioa eta saretzea; aniztasunaren kudeaketa, euskarara hurreratzeko baliabideak eskainiz; eta gazteen nahiz familien erabilera hauspotzeko ekimenak.
Mendizabalek, agerraldian, aditzera eman zuen indartu gura dutena “euskararen aldeko komunitate aktiboak” direla: “Erabileraren aroan gaude; beraz, ez dugu euskararen aldeko jarrera bakarrik bilatuko, baita hizkuntza ohituretan eragitea eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea ere. Horretarako, norbanakoaren eta komunitatearen arteko loturak indarrtu beharko ditugu, euskaraz bizi ahal izateko baldintzak zein hizkuntza praktikak sortuz”. Arrizabalagak euskarari “behar duen lekua” ematea nabarmendu zuen: “Ekimenak bizkaitarrak euskararen erabileran aktibatzeko bokazioa du, eta, bakoitzak bere ekarpen propioa egin dezan, aukerak eta tresnak eskaintzen ditu”.
Teoriatik praktikara jauzia egin asmoz, sare euskaltzalea zabaltzeko eta aberasteko gogoeta saioak egingo dituztela iragarri dute. Euskaltzalez osatutako prozesu parte hartzaile horren barruan, “denetariko aukerak” eskainiko dituzte, taupamugimendua.eus plataforma baliatuta. Herritarren arteko komunikazio hizkuntza euskara izateko helburuari tiraka, Auzoko Elkarrizketak dinamika bultzatuko dute. Euskaratik urrun bizi diren herritarrak hizkuntzara hurbiltzeko baliatuko dituzte horiek, besteak beste. Mendizabalek azaldu zuenez, aktibazio hori “estrategikoa” da eta, horrenbestez, Auzoko programa “bereziki erdigunean” jartzen du Taupak. Hiru urteko epean, bederatzi Auzoko Elkarrizketa antolatuko dituzte, lurraldeko hainbat eskualdetan.
Bestelako jarduerak.
Gazteei espreski zuzenduta, Elkarrizketa Musikatuak antolatuko dituzte, kulturgile “erreferenteek” parte hartzeko eta ikasleekin beraien hizkuntza bizipenak partekatzeko balioko dutenak: “Musika aitzakia hartuta, gazteen euskararekiko atxikimendua eta sentsibilizazioa eragitea da helmuga”. Euskararen Kriseiluak ekimenak, aldiz, familia transmisioa jorratuko du: “Eremu intimoan, euskararen erabileraren inguruko gogoeta sustatuko dugu, familia euskara gehiago erabiltzeko konpromiso zehatzak hartzera bideratuz”. Jarduera horren beste bederatzi saio egingo dituzte han-hemen, hurrengo hiru urteetan.