Ecodrive Ondarroa BHI proiektua aurkeztu dute institutuko ikasleek
Martitzenean [otsailak 25] aurkeztu zuten kotxe elektrikoa "talde lanaren eta iraunkortasunaren" adierazle dela zehaztu dute Ondarroa BHIko ikasle eta irakasleek.

Ecodrive Ondarroa BHI kotxe elektrikoaren proiektua aurkeztu zuten atzo [otsailak 25] Ondarroako institutuko ikasleek. Bertan, proiektua aurrera eramateko orduan izan dituzten babesle eta laguntzaileei honen xehetasun guztiak eman zizkieten ikasleek. Horrez gain, beraien “esker ona” adierazi zieten babesle eta laguntzaileei, emandako “laguntza” eta “konfiantzagatik”.
Kotxe elektrikoa “talde lanaren eta iraunkortasunaren” adierazle dela azpimarratu dute: “Ekitaldia momentu berezia izan zen, ikastetxeko ikasle, irakasle eta enpresa laguntzaileek egindako lanaren emaitza ezagutarazteko. Ingurumena errespetatzen duen mugikortasunaren aldeko beste urrats bat da”.
Aurkezpenean proiektuaren hiru faseak azaldu zituzten: eraikuntza, web diseinua eta probak. Gainera, bertaratuek ibilgailua “gertutik” ezagutzeko aukera izan zuten, eta ikasleek taldearen “esperientzia eta ikaskuntzak” partekatu zituzten.
“Eskerrik asko ekitaldian parte hartu duzuen guztiei, eta bereziki, gure babesleei, zuen laguntzarik gabe hau ezinezkoa izango baitzen. Aurrera begira, lanean jarraituko dugu elkarrekin!”, aipatu dute Ondarroa BHIko ikasle eta irakasleek.

Argazkia: Ondarroako Udala.