Eskualdeko kirolariek marka onak lortu dituzte Mungiako duatloian
Sailkapen orokorrean bigarren postua lortu du Garraitz taldeko Aner Larreategik, eta hirugarren postua geratu da Amandarriko Alejandro Astaburuaga. Taldeka ere garaipena lortu dute bi taldeek.

Joan den zapatuan [otsailak 22] Mungiako duatloian parte hartu zuten eskualdeko hainbat kirolarik. Bertan izan ziren Lekeitioko Garraitz Triatloi Taldea eta Amandarri Triatloi Kluba eta Markina-Xemeingo Alarabi Triatloi Taldea ere.
Emaitza ederrak eskuratuta itzuli dira denak etxera. Sailkapen orokorrean bigarren postua lortu du Garraitz taldeko Aner Larreategik, 00:58,16ko denbora eginda; gizonezkoen 23 urtez azpiko maila irabazi zuen, eta maila berean hirugarren geratu zen Amandarriko Beñat Garcia de Andoin. Hirugarren postuan, ostera, Amandarriko Alejandro Astaburuaga geratu zen, 00:58,21eko denbora eginda. Laugarren postua ere, Garraitzekoek eskuratu zuten: Aratz Aizpuruak 00:58,54ko denbora egin zuen.
Beste hainbatek, euren mailetan garaipena nahiz marka onak lortu zituzten. Amandarriko Paule Garcia de Andoinek emakumeen junior maila irabazi zuen, eta Garraitzeko Urko Larreategik, ostera, gizonezkoen junior maila; bigarren geratu zen talde bereko Aner Zumaran; emakumeen 23 urtez azpiko mailan hirugarren postua eskuratu zuen Amandarriko Klaudia Erkiagak; gizonezkoen beteranoen artetik bigarren onena izan zen Amandarriko Iurgi Etxeandia lehenengo taldean, eta Garraitzeko Kepa Legarza, ostera, bigarren taldean.
Taldekako lehia. Taldeka ere emaitza ezin hobeak lortu zituzten kirolariek. Amandarrikoek emakumeen maila irabazi zuten, 03:38,17ko denboragaz, eta Garraitzekoek, ostera, gizonen maila, 02:57,58ko denbora eginda. Maila berean bigarren postua eskuratu zuten Amandarrikoek, 02:59,44ko markagaz.