Ondarroako Portuko etorkizuneko garbiguneak herri osoko hondakinak biltzea eskatu du Eguzkik
Etorkizuneko garbigunearen proiektua "positibotzat" jotzen duten arren, Ondarroako herri osoak hondakinak kudeatzeko espazioa izan beharko lukeela adierazi du Eguzkik.
Ondarroako portuko etorkizuneko garbigunea eraikitzeko proiektua urte amaieran hasiko zela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak otsailaren hasieran. Gainera, garbiguneak portuko jarduerak sortutako hondakinak batuko zituela zehaztu zuten. Honen aurrean, Lea-Artibaiko Eguzki talde ekologistak “begi onez” ikusi du garbigunearen proiektua, baina herri osoko hondakinak kudeatzeko espazioa izan beharko litzatekeela azpimarratu du.
“Positibotzat jotzen dugu garbigunearen proiektua gauzatzea, baita ere, eraikina portu eremuan egitea, hondakinen jatorritik hurbilen dagoen gunea delako. Hala ere, uste dugu oztopo burokratiko eta eskumen ugari egongo direla, baina Ondarroako herri osoak bere hondakinak kudeatzeko duen beharra kontuan hartzeko eskatu nahi diogu Eusko Jaurlaritzari”. Izan ere, talde ekologistaren ustez “zentzugabekeria” da etorkizunean herrian bi garbigune izatea; bata, portuko hondakinentzat, eta bestea, gainerako biztanleentzat.
Aurrekariak. Urteak daramatza Eguzki Talde Ekologistak Ondarroan sortutako hondakinak bildu eta hautatzeko garbigunea eskatzen: “2000. urtea baino lehenagotik ere, Ondarroako saihesbidearen obrak abian jarri aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiak agindu zuen obrak amaitutakoan Errenteria aldeko garbigunearen proiektua gauzatuko zela. Erantzunak beti positiboak izan diren arren, oraindik ez da ezer egin. Hogei urte baino gehiago zain egon ondoren, uste dugu badela garaia aldarrikapen hori kontuan hartzeko”.