Ondarrutarrena izan da Lilatoiko hirugarren talderik handiena
122 emakumek parte hartu dute Ondarroako Etxelila Aringaingan taldeagaz. Eskualdeko azkarrenak Irati Bravo markina-xemeindarra eta Olatz eta Maider Aierbe mutrikuarrak izan dira.

6.200 emakumek parte hartu zuten iragan domekan [otsailak 23] Lilatoian. Eskualdetik ere ez dira gutxi izan bertaratu direnak, eta ondarrutarrek Lilatoiko talde jendetsuenaren hirugarren saria eskuratu dute. Hain zuzen ere, 122 emakume ondarrutarrek parte hartu zuten lasterketan, Etxelila Aringaingan taldeagaz joanda.
Emakumeak ahalduntzea bilatzen du Lilatoiak, bost kilometroko ibilbide baten bitartez, osasuna, inklusioa eta talde lana sustatuz. Ondarrutarrez gain, eskualdeko gainontzeko herrietatik ere hainbat izan dira lasterketan parte hartu zutenak. Hala, Lea-Artibai eta Mutrikuko azkarrena Irati Bravo Bereinkua markina-xemeindarra izan da; 83. postuan amaitu du 23 minutu eta 36 segundoko denbora eginda. Eskualdeko bigarren eta hirugarren azkarrenak, aldiz, mutrikuarrak izan dira: Olatz Aierbe Andonegi 208. postuan heldu da, 25 minutu eta 53 segundoko denbora eginda, eta Maider Aierbe Andonegi, ostera, 221. postuan, 26 minutu eta 3 segundoko denboragaz.