Tximista Atletismo Taldekoak "ederto" aritu dira Euskadiko Atletismo Txapelketan
Aiora Pikabeak 20 urtez azpiko pertiga jaurtiketan lehenengo postua eskuratu du, eta Olaia Zatikak 18 urtez azpiko luzera jauzian, bigarrena.

Donostiak hartu zuen joan den zapatu eta domekan [otsailak 22 eta 23] 16, 18 eta 20 urtez azpiko Euskadiko Atletismo Txapelketa. Bertan egon ziren Lekeitioko Tximista Atletismo taldeko eta Gernikako Atletismo Taldeko hainbat atleta ere.
Tximistakoei dagokienez, “ederto” aritu direla adierazi dute entrenatzaileek. Aiora Pikabeak, esaterako, 20 urtez azpiko pertiga jaurtiketan lehenengo postua eskuratu du, 2,75 metroko jaurtiketa eginda. Olaia Zatikak ere, marka ezin hobea lortu du 18 urtez azpiko luzera jauzian, eta bigarren postua eskuratuta itzuli da etxera, 5,21 metroko marka eginda; asteon Espainiako 18 urtez azpiko luzera jauzian parte hartuko du Zatikak, Valentzian. Taldeko beste batzuek, ostera, euren markak hobetzea edo berdintzea lortu dute, esaterako, Nere Cherqui, Iradi Zabala, Peio Lariz eta Unai Lamikiz kirolariek.
Gernikarrak ere ez dira atzean geratu: Peru Luengok 600 metroko eta 1.000 metroko lasterketetan lehenengo postua lortu du; 600 metrokoan 01:30.74ko marka egin zuen, eta 1.000 metrokoan, 02:50,96koa.

Tximista Atletismo Taldeko Peio Lariz eta Unai Lamikiz Euskadiko Atletismo Txapelketan.Tximista Atletismo Taldea