1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko ekitaldia egingo dute astelehenean Ondarroan
Ekitaldia astelehenean [martxoak 3] izango da, 19:00etan, Alamedako monolitoaren aurrean.
1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatu zen sarraskia gogoratzeko ekitaldia egingo dute astelehenean [martxoak 3] Ondarroan. Hitzordua 19:00etan izango da, Alamedako monolitoaren aurrean. Urtero legez, Ernaik eta LABek batera antolatu dute ekitaldia: “Orduko langileen borroka gogora ekarriko dugu, aldaketa sozial, politiko eta ekonomikoa beharrezkoa dela aldarrikatuz”.
Duela 49 urte 6.000 langile inguruk greba hasi zuten, soldatak mugatzen zituen dekretua salatu eta lan baldintzak hobetzeko. Martxoaren 3an hirugarren greba orokorra deitu zuten, eta arratsaldean, Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoa elizan batu ziren bilera egiteko. Orduan, Espainiako Polizia Armatua elizan sartu eta langileen kontra jazarri zen, gas negar-eragileak erabili zituen langileak elizatik aterarazteko, eta irten ahala, tiroak egin zizkieten poliziek langileei. Hala, 150 pertsona zauritu ziren, eta beste 5 langile hil. Gaur egun, sarraskiaren erantzuleak “zigortu barik” jarraitzen dutela zehaztu dute antolatzaileek: “Egia, justizia eta erreparazioa aitortu gabe ezingo dugu justizia sozial batean oinarritutako etorkizunik eraiki”.