Ana Goitia: "Bizitzan denetik egin izan dut, baina, honek, piloa pozten nau"
Mihia ondo zorroztuta igoko da Ana Goitia lekeitiarra bere herriko oholtzara gaur [otsailak 28]. ‘Katana’ bere lehenengo bakarrizketa herritarren aurrean egiteko urduri dagoen arren, "gogoz" dagoela aitortu du.
Gaur lehenengoa, eta martxoaren 14an bigarrena, eta bietarako sarrerak ordu gutxitan agortuta. Katana Lekeitiora heltzear da: Ana Goitia umoregile lekeitiarrak denetariko gaien inguruan berba egingo du Ikusgarriko oholtzan. Lekeitiora joateko sarrera barik geratu direnek baina, martxoaren 8an edukiko dute Katana gertutik ikusteko hurrengo aukera: Mendatako Artape Jatetxean, 18:00etan, doan.
Iazko urte amaieran estrenatu zenuen Katana. Zer moduzko erantzuna eduki zuen lehen emanaldi horrek?
Ba, uste baino hobea. Urretxun izan zen azaroan, eta Urretxu ez da Lekeitiotik gertu dagoen herri bat, beraz, ez nuen uste nire inguruko jende asko etorriko zenik. Gainera eguena zen, 18:30ean… Ez zen erraza. Hala ere, espektatiba guztiak apurtu zizkidan, eta oso pozik sentitu nintzen, egia esan. Oholtza batera ni bakarrik igotzen nintzen lehenengo aldia zen, eta sekulakoa izan zen; jendea zutik, eta oso-oso polita. Lehenengoa izateko oso berezia izan zen, eta ez dut sekula ahaztuko.
Urretxutik Lekeitiora. Gaur duzu herrian lehenengo emanaldia, eta martxoaren 14an, bigarrena. Gainera, bietarako sarrerak segituan agortu ziren.
Bai, bai. Lehenengoa arratsalde batean saldu zen, eta bigarrena asteburu batean. Herriaren babes handia sentitu dut, eta oso maitatua sentitu naiz. Aukera hori ematea eta jendeak halako gogoarekin hartzea niretzat sekulakoa da, ez nuen inoiz pentsatuko. Niretzat amets bat da.
Herriko oholtzara igotzeak bereziki urduritzen zaitu?
Bai, herrian egiteak beste edonon egiteak baino urduriago jartzen nau. Presio handia da, ze, ezagutzen zaituen jendea dago, gertu-gertutik lupagaz begiratuko dute, normala den moduan. Errespetu handia ematen dit, ze, nahi dut nire ingurukoei eta nire herriari nik egiten dudana gustatzea eta nirekin gozatzea. Bestalde, oso emozionatuta nago, eta sekulako gogoa daukat egiteko. Badakit babesa ere sekulakoa izango dela: jendeari begiratu eta konfiantza eta indarra emango didate. Beraz, bi aldeak ditut.
“Beti buruan eduki dut halako zerbait egitea, baina, sekula ez nuen usteko egin egingo nuenik”
Zer ikusiko dute bakarrizketa ikustera joaten direnek?
Energia positibo asko. Hausnartzera eroango dieten gauzak entzungo dituzte, eta oso identifikatuta sentituko dira era berean. Inportantea da eguneroko gauza txikiei buelta eman eta barre eragitea, eta hori ikusiko dute.
Ordubetek askorako ematen du. Gai bat baino gehiago lantzen dituzu?
Bai, gai asko lantzen ditut. Orokorrean, euskal gizartearen egoeraren hausnarketa bat egiten dudala esan daiteke. Badaude, era berean, euskal gizarteagaz zerikusirik ez duten anekdotak ere, ze, nire bizitza oso anekdotikoa da, eta neuretik kontatzen ditut gauzak. Bakarrizketan neu naiz oholtza gainean dagoena, ez da pertsonaia bat, eta beraz, ni naizenetik kontatzen ditut gauzak.
Nondik dator Katana sortzeko ideia?
Bakarrizketak egiten hasi nintzenean konturatu nintzen hori zela egin nahi nuena bizitzan. Komedia gustatzen zitzaidala ikusi nuen, eta gainera, erraztasuna ikusten nion nire buruari, eta jendeak gozatu egiten zuela ere bai. 40 urtegaz konturatu naiz horretaz, eta orain egiten ez badut, ez dudala sekula egingo pentsatu nuen. Hala, probatzen hasi nintzen batzuekin, eta hortik jaio zen.
Eta zer dela eta deitzen da Katana?
Katana da nire mingaina katana baten modukoa delako, mihi zorrotza dudalako. Oso garbi egiten dut berba bakarrizketan, ze, batzuetan ematen du emakumeok ezin dugula era batera berba egin. Esaten ditudan gauza batzuk badira katana bat moduan mozten dutenak. Eta izena, Antton Telleriak asmatu zuen. Ez zitzaidan ezer etortzen, ez ninduen ezerk konbentzitzen, eta Katana proposatu zidan berak; gainera, nire izena ere barruan darama, eta joko asko ematen du.
“Herriaren babes handia sentitu dut, eta oso maitatuta sentitu naiz. Aukera hori ematea niretzat amets bat da”
Erreferenterik eduki duzu Katana sortzerako orduan?
Egian esan, ez. Modako kontuetan ibiltzen naizenean bezala, badaukat jendea gustatzen zaidana, baina nik nire estilo propioa daukat egunaren arabera, eta hemen ere, berdin. Hala ere, baditut asko gustatzen zaizkidanak. Euskal Herrian bertan, Elena Irureta izan da nire erreferenterik handiena. Txikitan, Bi eta Bat telesailean Elena Irureta eta Ane Gabarain ikusten nituenean baino barre gehiago ez dut egin inoiz. Emakume oso naturalak eta oso normalak iruditzen zaizkit, eta euren kontatzeko edo interpretatzeko moduak ere naturalak dira. Uste dut horregatik gustatzen zaizkidala.
Ordutik euskarazko umoreak eduki ditu gorabehera batzuk. Gaur egun ze puntutan dagoela esango zenuke?
Umorea lekua hartzen hasita dago, eta horrek poztu egiten nau. Horrek esan nahi du ondo pasatu nahi dugula, eta beharrizana daukagula barre egiteko. Pandemia batetik gatoz, eta uste dut hori dela behar zena. Umorea behar dugu, umore barik ezin da bizi, eta bizi bazara, ez zara ondo bizi. Nahiz eta momenturik txarrenak pasatzen egon, momentu batean barre egiteak osasuna ematen du eta ondo sentiarazten zaitu. Beraz, uste dut beharrizana dagoela horretarako, eta jendea erantzuten ari dela. Gainera, gero eta leku gehiagotarako deitzen gaituzte. Adibidez, laster Zeid Festean egongo naiz, eta lehenengo aldia izango da bakarrizketari bat eroango dutena. Horrek asko esan nahi du: halako jaialdi batean bakarrizketariok tokia edukitzea gauza handia da. Apurka-apurka tokia egiten ari gara, eta behar da guri ere espazioak ematea.
Gazteak ere badatoz atzetik.
Bai, zorionez badaukagu harrobi bat, eta badatoz gazte batzuk sekulakoak direnak. Horretan esperantza daukat. Maria Blanco, Esti Curiel, Maialen Sorzabalbere, Julen Portillo, Manex Astigarraga… gazte asko daude topera datozenak, eta guzti hori aurrera eroateko, gauzak egin behar dira.
Aipatu dituzun batzuekin oholtza ere partekatu duzu. Oraingoan, baina, bakarrik igo zara oholtzara. Zer nolako esperientzia ari da izaten?
Ba, nire ustez, oso erraza da jendeari negar eragitea, baina, oso gaitza barre eragitea. Horregatik, ikusten duzunean jendeak ondo pasatzen duela zu egiten ari zarenarekin, eta zuk gainera gozatu egiten duzula… txarto esanda, baina niretzat eduki dezakedan orgasmorik handiena da, benetan. Asko nago gozatzen, eta gainera, konturatu barik pasatzen zait denbora. Sekulako esperientzia ari da izaten, eta asko ikasten ari naiz. Oraintxe hasi naiz, eta oraindik gainera, asko daukat ikasteko eta hobetzeko.
Atzera begiratuz gero, zelan sentiarazten zaitu egin duzun bidea egin izanak?
Ez nuke inoiz pentsatuko gaur nagoen tokian egotea. Txikitan beti esaten nuen aktorea izan nahi nuela, baina azkenean kazetaritza ikasi nuen, asko gustatzen zitzaidalako. 18 urtegaz esango bazenit 43 urtegaz bakarrizketa bat egingo nuela nik bakarrik, ez nuke sinetsiko. Egia da beti buruan eduki dudala halako zerbait egitea, baina sekula ez nuen uste egingo nuela. Eta pozik nago. Bizitzan denetik egin izan dut, baina honek, egia esan, piloa betetzen nau.
Lekeition bi emanaldi, baina horien ostean beste hamaika egingo dituzu.
Bai, baditut beste emanaldi asko hainbat herritan, eta horietara joatera gonbidatzen ditut denak. Barreman.eus orrialdean sartu, eta bertan daude data guztiak, baita sarrerak ere.