Zesta-puntagaz euskara bultzatzen duen txapelketa
Goi mailako parte hartzea edukiko du Araba Euskaraz Master Seriesak. Martxoaren 7an, 14an eta 21ean, puntistarik onenek Olabe frontoian jokatuko dute Jai Alai Ligarako puntuagarria izango den lehiaketa.

Martxoa hilabete oparoa eta partiduz jositakoa izango da inguruko puntistentzat. Atzo [otsailak 27] emakumezkoen Jai Alai Liga eta III. Euskotren Winter Series aurkeztu baldin bazituzten, gaur [otsailak 28] II. Araba Euskaraz Master Seriesa plazaratu dute. Hala gizonezkoen, nola emakumezkoen ligarako puntuagarria izango den txapelketak helburu bikoitza edukiko du: alde batetik, Araban zesta-punta sustatzea; bestetik, “euskara, euskal kultura eta euskal kirolak” bultzatzea. Araba Euskaraz kultur elkarteak, Arabako Euskal Pilota Elkarteak, Gasteiz Jai Alai klubak eta Eraman Jai Alai enpresak elkarlanean atondu dute lehiaketa.
Martxoaren 7an, 14an eta 21ean, egungo puntistarik onenak hartuko ditu Gasteizko Olabe pilotalekuak. Emakumezkoen nahiz gizonezkoen launa pilotari bikote kantxaratuko dira, eta finalerdietatik ekingo diote txapelketari. Tartean egongo dira Arabako zesta-puntaren izarrak: Maite Ortiz de Mendibil andetxarra eta Julen Del Rio gasteiztarra. Lehenengoa, 23 urtez azpikoetan nahiz mail absolutuan Munduko Txapelketa eskuratutakoa, egungo aurrelaririk puntakoenetakoa da. Ortiz de Mendibil, Olabe frontoian jokatu izan duenean, garaipenetik oso hurre aritu izan da beti. Del Riori dagokionez, iazko Winter Seriesean finalaurrekoetara iritsi zen, baina aurtengo ekitaldian min hartu du. Indar gehien aplikatzeko gaitasuna duen atzelarietako bat da, batez ere, bere eskumakadekin.
Arabar biekin batera, bai emakumezkoen, bai gizonezkoen parte hartzea oso esanguratsua izango da. Erika Mugartegi markina-xemeindarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra dira puntistarik azpimarragarrienetako bi. Lehendabizikoak Romane Mercadié frantziarrarekin osatuko du bikotea; bigarrenak, ostera, Ihart Arakistain sopeloztarrarekin. Ortiz de Mendibilek Arai Lejardi markina-xemeindarra izango du atzelari, eta Oihana Sorozabal miarriztarrak Frida Watkins zumaiarrarekin jokatuko du.
Egungo izar distiratsuenak, Aritz Erkiagak, etxeko puntista, Julen Del Rio, izango du bikotekide
Gizonezkoen lehian, Aritz Erkiaga izango da protagonista nagusia. Winter Seriesa birritan irabazitakoak eta berriki Daniako Biscayne Cupen gailendutako ispastertarrak etxeko pilotari Del Rio izango du bikotekide, iazko garaipena errepikatzeko asmoz. Eñaut Urreisti aurrelari mutrikuarrak Unai Lekerikabeaskoa gernika-lumotarrarekin jokatuko du; Martin Ormaetxea Zelaia markina-xemeindarrak, berriz, Thibault Basque bidartarrarekin. Azkenik, Xabier Barandika gernika-lumotarrak Jon Bullet Zabala markina-xemeindarrarekin lehiatuko du Gasteizko hitzordua.
Berriatua Master Seriesaren ondoren, emakumezkoen ligaren bigarren txapelketa puntuagarria izango da Arabakoa; gizonezkoen kasuan, baina, bosgarrena. Izan ere, aurretiaz Miarrizko Open-a, Paueko Cesta de Nadau, Eusko Label Winter Series-a eta Biscayne Cup-a lehiatu dituzte. Hain zuzen, emakumezkoen ligak hamar zita edukiko ditu, eta gizonezkoenak, ordea, bi gehiago.
Partiduak.
Martxoaren 7an, 19:00retan hasita, emakumezkoen A multzoko finalerdia lehiatuko dute: Mugartegi eta Mercadié Arakistainen eta Aldazabalen kontra. Gizonezkoen finalaurrekoan, Zelaiak eta Basquek Urreisti eta Lekerikabeaskoa edukiko dituzte aurre aurre. Astebete beranduago, ordu berean, B multzokoen txanda izango da. Lehenik eta behin, Ortiz de Mendibil eta Lejardi Sorozabalen eta Watkinsen kontra ariko dira; ostean, Erkiaga eta Del Rio Barandikaren eta Zabalaren aurka.
Sarrerak erosteko, Internetera jo beharko dela aurreratu dute antolatzaileek: Araba Euskaraz edota Eraman Jai Alairen web orrialdeetara. Hiru jardunaldietarako bonoek 20 euroko prezioa dute. Finalaurrekoetako eta finaletarako sarrerei dagokienez, Internetez zein lehiatilan jaso ahalko dira; finalerdietako sarreren prezioa 10 eurokoa izango da, eta finalekoa, aldiz, 15 eurokoa.