Mozorroz jantzi dira Lea-Artibai eta Mutriku
Koloreek, irudimenak eta umoreak bat egin dute beste behin, inauterietako menua osatzeko. Herriz herri kalejirak, ikuskizunak eta dantza zein musika emanaldiak dituzte egunotan Lea-Artibai eta Mutrikuko bizilagunek.

Mozorroak soinetik ez kentzeko egunak dira honakoak, batez ere, umeentzat. Eskualdean atzo hasi ziren inauteriak ospatzen, eta martitzenera bitartean hamaika ekitaldi daude, denak ere kolorez eta umorez beteak.
Esaterako, Amoroton Pepetxo nor izan zen jakin nahian ibili ziren atzo arratsaldean. Dantza eta antzerkia uztartu zituzten frontoiko ikuskizunean piratek, irlandarrek, sukaldariek, surflariek, lapurrek… Eta denboran atzera eta aurrera ere egin zuten, iraganera bidaiatuta.
Gaur, berriz, egun osoko egitarauak dauzkate han eta hemen. Adibidez, 12:30ean kalejiran atera dira Aulestin eta Munitibarren. Askotariko mozorroak aukeratu dituzte beste urte batez, ume, gazte zein nagusiek. Aulestin, gainera, mozorro onenek sariak jaso dituzte. Euskara Taldekoek, San Blas Elkartekoek eta Kubike Aisialdi Taldekoek osatutako epaimahaiak erabakita, Lagunak kuadrillak irabazi du gaztetxoen kuadrillen artean saria, eta nagusien artean, berriz, Geobaren Lagunak taldekoek jaso dute saria. Saria berezia Andrewrentzat izan da. 35 euro eta diploma, 70 euro eta urtebeterako trofeoa eta 25 euro eskuratu dituzte, hurrenez hurren.
Herri bazkarietan elkartu dira Aulestin, Berriatuan, Etxebarrian eta Munitibarren, eta arratsalderako ere jai giroa bermatuta eduki dute. Umeentzako zein herritarren arteko jolasak, karaokea, ikuskizunak, elektrotxaraga, dj saioak… Eguna ondo aprobetxatuko dute. Adibidez, goizean Aulestin egin modura, arratsaldean Etxebarrian sari ederrak banatu dituzte. Banakako sariez gain, taldekakoak banatu dituzte ikuskizuna egin dutenen artean, eta herriko establezimendu kuttuna ere ez da esku hutsik joan, Olaiak ere saria izan baitu.
Bestalde, herri handietan horietako dantza taldeak eta musikariak arduratu dira eguerdi partea girotzearekin. Mutrikun Gure Ametsa Dantza Taldekoak, txistu taldekoak eta akordeoi taldekoak kalejiran atera dira eguerdian, eta arratsaldean, berriz, Mozorro lehiaketa eduki dute, Arima Dance taldearen eskutik, Miruaitzen. Gaztelekuan, aldiz, mozorro festa eduki dute, eta Pikomelatos eta banda txikiren kalejira ere egon da. Iluntzean, Diskofestan elkartuko dira, Beheko plazan.
Ondarroan ere musikaz eta dantzez bete dute eguerdia. Inauterietako emanaldia eskaini dute Alde Zaharrean, Kantaize Orfeoiak eta Unanue Udal Musika Eskolakoek, eta kalerik kale inauterietako dantzak egin dituzte, Kresala Kultur Elkartearen kideekin. Mutrikuar gazteek bezala, ondarrutarrek ere inauteri jaia eduki dute Errebalatxikiñe Gaztelekuan. Eta hitzorduko protagonista, Lantzoi agurtu dute arratsaldean, Artelan Kultur Elkarteagaz. Gauean, ostera, Joxparen erromeria elkartuko dira Itsasaurre plazan.
Lekeition atzo hasi eta martitzenera bitartean, egunero daukate kalera irteteko aitzakia. 10:00etan hasita, Aratuste Alai estudiantinagaz kalejiran batu dira Nautikatik hasita eta eguneko zentroan emanaldia eskaini dute. Eguerdian, berriz, herriko musika bandaren doinuez gozatu dute Nautika aurrean, eta jarraian, kalejira egin dute berriro ere Aratuste Alai estudiantinagaz, aratusteetako abesti zaharrak kantatuz, plazan zein Eskolapean. Arratsaldean eta gauean, ostera, Etorkizuna Dantza Taldeagaz eta Aittitta Makurra txarangagaz egin dute kalejira, eta dantza saioak eskaini dituzte plazan eta Eskolapean.


































































































































































































































































































































