Hiru hilabete inguruz auzo taxi zerbitzua probatuko dute Ziortza-Bolibarren
Eguen honetatik [martxoak 6] hasita, eguenero egongo da auzo taxi zerbitzua, hiru hilabete inguruz; ostean, funtzionamendua aztertu eta Ziortza-Bolibarko Udalak zerbitzua urte guztira luzatzea baloratuko du.
Ziortza-Bolibarko Udalak zerbitzu berri bat eskainiko die herritarrei, auzo taxi zerbitzua, hain zuzen ere. Eguen honetatik [martxoak 6] hasita, hiru hilabete inguruz, eguenero eskainiko dute zerbitzua; ostean, funtzionamendua aztertuko du udalak, eta egoki ikusiz gero, zerbitzua urte guztira luzatzea baloratuko dute.
Hala, herritarren joan-etorriak errazteko asmoz, ziortza-bolibartarrek soilik erabili ahalko dute zerbitzua. Bi bidaia mota eskainiko dituzte. Alde batetik, herriko edozein etxetatik Markina-Xemeinera joan eta herrira itzultzeko aukera egongo da, eta bestalde, herri barruko bidaiak egiteko aukera ere eskainiko dute.
Udalak azaldu duenez, bidaia eskaerak aurreko eguneko 20:00ak baino lehen egin beharko dira, 688 71 39 23 telefonora deituz. 09:30ak aldera edo 13:00ak aldera hartu ahalko da auzo taxia, eta hiru euroko kostua izango du, bidaiako. Gaineratu dutenez, portaera desegokia edo errespetu gabeko jokaerak egonez gero, gidariak ez ditu pertsona horiek jasoko.