Amorotoko Udalak Klima eta Energia Plana landu du
Datozen 20 urteetarako plana da, eta Barrizar enpresak eduki du plana lantzeko ardura. Hiru helburu lortzeko asmoz landu dute plana: CO2 emisioak eta kontsumo primarioa murriztea, eta energia berriztagarrien ekarpena handitzea.

Amorotoko Udalak Klima eta Energia Plan Integratua landu du, Barrizar enpresaren zerbitzuagaz. Hala, besteak beste, energia planaren helburuak, Amorotoko herriaren egoera klima aldaketaren inpaktuen aurrean, udal kontsumoen bilakaera eta hurrengo urteetara begira aurreikusi dituzten ekintzen inguruko informazioa jaso dute planean.
20 urtera begirako plana izan da landu dutena. Hala, hiru helburu argi identifikatu dituzte, denak ere, 2044. urterako bete beharrekoak: udalerriaren CO2 emisioak %60 murriztea, energia kontsumo primarioa %40 murriztea eta energia berriztagarrien ekarpena udalerriko azken kontsumoaren %40 izatera iristea. Helburuei zenbakiak ipinita, gaur gaurkoz CO2 emisioari dagokionez, 1.018 tona emititzen dira udalerrian, eta helburua 407 tonara jaistea litzateke; energia kontsumo primarioa, ostera, 7.012 MWh-koa da, eta helburua 4.207 MWh litzateke; azkenik, energia berriztagarrien ekarpenari dagokionez, gaur gaurkoz 1.119 MWh-ko ekarpena egiten da, eta helburua 1691 MWh-ra heltzea da.
Helburu horiek betetzeko asmoz, sei lerro estrategiko zehaztu dituzte: energia eraginkortasuna, energia sorkuntza berriztagarria, parte hartzearen sustapena, mugikortasun jasangarria, hondakinen kudeaketa eta bertoko garapen jasangarria.
Energia eraginkortasunari dagokionez, alde batetik, energia ziurtagiriak ipiniko dituzte udal eraikinetan, besteak beste, udaletxean, kultur etxean, frontoian, eskolan eta herriko tabernan. Bestalde, LED argiak instalatuko dituzte eraikuntza eta argiteria publikoan, hori horrela, %40-%60 inguruko aurrezpena lortuko lukete. Gehitu dutenez, frontoian LED argiztapena ipintzeko dirulaguntza lortu dute. Azkenik, inguratzaile termikoa hobetuko dute udaletxean eta kultur etxean.
Energia sorkuntza berriztagarrn eta elektrikoan pausuak emateko, ostera, hainbat eginbide zehaztu dituzte. Udal eraikinetan energia berdea kontsumitzeko konpromisoaz gain (2024tik kontsumitzen dute), helburuetako bat frontoian eta eskolan instalazio fotovoltaiko partekatuak ipintzea da. Frontoiari dagokionez, estalkian energia komunitate bat instalatzeko egiteko aukera aztertu dute. Horren bitartez, estalkitik 2.000 metroko erradioaren barnean dauden eraikuntzentzako energia sortuko litzateke. Eskolari dagokionez, aldiz, instalazio fotovoltaikoa martxan ipintzeko asmoa adierazi dute. Hala, udal eraikin bakoitzari sortzen den energiaren ehuneko bat esleituko liekete.
Ildo beretik, aparkaleku publikoetan karga puntuak ipintzeko aukera ere aztertu dute. Azaldu dutenez, gaur gaurkoz karga puntuak ipintzeko hiru aukera daudela ondorioztatu dute: erdigunean, Oletan eta Burdinolan.
Sorkuntza berriztagarri termikoa. Energia sorkuntza berriztagarri termikoaren alorrean aurrerapausuak emateko ere, hainbat ekintza potentzial zehaztu dituzte. Alde batetik, udaletxean aerotermia ipintzeko proposamena aurten aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundian, dirulaguntzak eskuratzeko asmoz. Bestalde, tenperatura baxuko erradiadoreak ipini eta eremu bakoitza zonifikatzeko kontrol sistema instalatzea aztertu dute.
Udaletxeko aldaketez gain, eskolarako eta frontoirako ere instalazio berriak ipintzeko aukerak ere aztertu dituzte. Besteak beste, kiroldegi berria eskolarekin batera berotzeko alternatiben azterketa egin dute. Ildo beretik, etorkizunean kultur etxeko berokuntza sistema aldatu eta aerotermia ipintzeko asmoa erakutsi dute; horretarako, aurretik teilatupeko eremuko leihoak aldatu beharko lituzkete.
Aipatutakoez gain, beste sorkuntza alternatiba batzuk ere aztertu dituzte, esaterako, bero sare bat garatzea, antzinako ibai errotak berritzea nahiz haizea aprobetxatzea.
Akzio plana. Klima aldaketara egokitzeko asmoz, hiru lerro estrategiko zehaztu dituzte: biodibertsitatea sustatzea, azpiegiturak hobetzea eta ur hornidura bermatzea.
Biodibertsitatea sustatzeko asmoz, baso lurrak modu eta erritmo egokian erabiltzeko plana landu dute. Ildo beretik, espezie inbaditzaile eta izurriteen kontrola ere, eroango dute. Azpiegiturei dagokienez, ostera, uholdeak saihesteko babesak ipini, bero boladen aurkako eremu freskoak sortu eta klima arriskuen alerta sistema berriak ipintzeko asmoa erakutsi dute. Azkenik, ur hornidurari begira, euri urak aprobetxatzea eta lehen sektoreari lehorteetan laguntzeko beharra azpimarratu dute.