Unik kluben arteko Euskal Herriko Txapelketaren finalak hartuko ditu
Markina-Xemeingo pilotalekuan lehiatuko dituzte, zapatuan [martxoak 8] kluben arteko Euskal Herriko Txapelketaren finala, 18:30ean hasita.
Kluben arteko Euskal Herriko zesta-punta Txapelketa amaitzear dago, baina oraindik final handiak falta dira. Hain zuzen ere, Markina-Xemeingo Uni pilotalekua izango da, zapatuan [martxoak 8], finalen kokalekua. 18:30etik hasita, hiru partidu lehiatuko dituzte eta, besteren artean, presente egongo da herriko taldea.
Emakumezkoen nagusien ohorezko mailaren finala markina-xemeindarren artekoa izango da: Markina-Xemein A taldea Markina-Xemein B-ren kontra. Gizonezkoen gazte mailako finalean, Berriatua A-k Hondarribiako edukiko du aurrez aurre. Hirugarren eta azken finalean, 22 urtez azpiko gizonezkoenean, Markina-Xemeinek Gazteleku izango du arerio.
Aurreratu dutenez, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak bere Facebook orrialdean zuzenean emitituko ditu finalak. Antolatzaileek herritarrei bertaratzeko deialdia luzatu gura izan diete.