Sistemari aurre egiteko "heldulekuak argi" dituztela aldarrikatu dute
Lea-Artibai eta Mutriku Martxoaren 8ko aldarrikapenez bete dira; herri guztietan egin dituzte mobilizazio, elkarretaratze eta manifestazioak. Faxismoaren aurka feminismotik borrokatzeko aldarria izan da hainbat herritako irakurketen gakoetako bat. Ondarroako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo Udalek hainbat konpromiso hartu dituzte eurengan.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, aldarrikapenek hartu dituzte gaur [martxoak 8] Lea-Artibai eta Mutrikuko kaleak. Eskualdeko herri guztietan eduki dute zer egina: mahainguruak, hitzaldiak, solasaldiak, tailerrak, eta nola ez, elkarretaratze, mobilizazio eta manifestazioak egon dira han hemenka.
Mahaiaren inguruan hasi dute eguna Ondarroan. Ondarroako borroka feministaren bilakaeraren inguruan berba egin dute, herriko hiru feministaren eskutik: Rakelek Ondarroan feministak antolatzen hasi zireneko borrokak zelan eta zeintzuk izan ziren azaldu du; Mirenek, ostera, Etxelilako prozesua azaldu du; Diarrotsako Maddik, gaur egun feminismoak hartzen dituen forma eta borroken inguruan hitz egin du.
Ostean, manifestazioan elkartu dira ondarrutarrak, Etxelilatik hasi eta Alamedaraino. Andrabandagaz batera egin dute ibilbidea. Alamedan, mugimendu feministak hartu du hitza: “Trantsizio feministan urratsak emateko hautua egin genuenetik urte asko pasa dira; testuinguru politikoa aldatu da, jendartea aldatu da, feminismoa aldatu da eta gu ere aldatu gara. Feminismoak ematen dizkigu datorrenari aurre egiteko tresnak, bizi dugun testuinguruaren gaineko analisiak egiteko teoriak eta ideologiak borrokazeko oinarriak”.
Eskuin muturraren eta jarrera erreakzionarioen gorakada gogor salatu dute: “Politika neoliberalak ipintzen ari diren honetan, eta sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala berrezaugarritzen dabilen honetan, bi baieztapen egin ditzakegu: lehenengoa, emakume* eta gorputz disidenteok etsaiaren jopuntuan gaudela modu nabarmen batean, eta bigarrena, ezberdinkeria areagotzen ari dela”. Era berean, ezker aldeetan ere badagoela “zeini eta zeri” aurre egin adierazi dute: “Feminismoaren aurkako posizio moduan eta euren burua pribilegioak galtzeko arriskuan ikusi dutenak ere oldartu egin dira”.
Gaineratu dute “dimentsio askori” erreparatzen dietela: “Etxebizitza, enplegua, hizkuntza, osasuna, gobernantza ereduak, kultura, asialdia, lana, kontsumoa… Ez dimentsio isolatu moduan, gurutzaketa horretan ardatz askotan zapaltzen gaituzten elementu moduan baizik”. Sistemak berak ere, hala funtzionatzen duela salatu dute. Hala ere, ozen aldarrikatu dute horri aurre egiteko “heldulekuak argi” dituztela: “Dimentsio bakoitzean alternatibak eraikitzen ari gara eta faxismoari aurre egiteko antolatzen jarraitzen dugu. Ezinbestekoa da emakume* eta gorputz disidente oro kalera irtetea eta borrokan jarraitzea”.
Markina-Xemeinen borroka antifaxista feminismo autonomotik aurrera eroatea ezinbestekotzat jo dute.
Aulestin eta Markina-Xemeinen ere, faxismoan ipini dute fokua. Aulestiarrek iazko martxoaren 8a ekarri dute gogora, eta ordutik testuingurua ez dela “asko aldatu” adierazi dute: “Desberdinkeriek bere horretan diraute, eta, horrez gain, eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikus dezakegu hainbat esparru eta sektoretan”. Markina-xemeindarrek gehitu dute erreakzio faxista patriarkala ere badela, “gizon zurien jardun eta ideologia den heinean”.
Halaber, “sistema kapitalista, kolonialista eta heteropatriarkalaren kontra” kalera irten dira Aulestin, eta hiru ardatz nagusi aipatu dituzte: “Lehena, indarkeria matxistaren ardatza: erasoak, soldata arrakala, egiten dugun ordaindu gabeko lana, kristalezko sabaiak… Denak dira indarkeria eta sistema betikotzeko ezinbesteko tresnak·. Bigarrena, ostera, “gaur egungo krisi ekosoziala” dela salatu dute: “Bizitza akabatzen duen sistema baten aurrean gaude: bai pertsonen bizitzak, bai natura bera”. Azkenik, migrazio politikak ipini dituzte mahai gainean: “Atzerritartasun legearekin amaitu behar dugula ozen aldarrikatzen jarraitzen dgu, eta miratzaileen kontra ematen ari diren jarrera arrazistak salatzen ditugu”.
Lekeitioko Mugimendu Feministak heteroarauan ipini du fokua.
Markina-Xemeinen borroka antifaxista feminismo autonomotik aurrera eroatea ezinbestekotzat jo dute: “Gatazka eta garaipenak ez ditzatela borroka eremu maskulinizatuek monopolizatu. Antifaxismoak ere eduki dezakeela iruditegi eta logika patriarkala”. Era berean, Euskal Herriko Gazte Feministak “krisi sistemikoan sortzen den ezinegona” emantzipazio feministarantz artikulatzen ari direla aldarrikatu dute: “Gurean, Euskal Herri feministaren eraikuntzan forma espezifikoa hartzen du. Bide horretan Gazte Feministok antolatuta gaude auzo, herri, unibertsitate eta beste hainbat asanbladatan”. Halaber, faxismoari aurre egiteko “modu zuzenetako bat” feminista izatea dela azpimarratu dute.
Lekeitioko Mugimendu Feministak, ostera, heteroarauan ipini du fokua. Izan ausart, heteronormatik at! izan da euren aurtengo leloa: “Heteroaraua hautatu dugu aurtengo gai bezala, heteroarauan oinarritzen baita patriarkatua. Heteroaraua leku guztietan dago eta guztia arautzen du: gizonak eta emakumeak harremantzeko modua, familia antolaketa, gizarte antolaketa…”. Horri aurre egiteko ezinbestekotzat jo dute hori azaleratu, arrakalatu eta haustea: “Gizon eta emakume klaseekin hautsi nahi dugu, eta horretarako bien arteko produkzio/erreprodukzio eta lan banaketa aztertzea eta salatzea dagokigu”.

Lekeitioko elkarretaratzea
Udalen konpromisoak. Lekeitioko Udalak ere, herriko mugimendu feministagaz bat egin, eta heteroarauagaz apurtzeko deia egin du. Halaber, pausuak eman eta aurrera egiteko asmoz hainbat konpromiso hartu dituzte. Alde batetik, emakumeak ahalduntzera bideratutako ekintzak antolatu edo sustatzen jarraitzea eta maskulinitateari buruzko gogoeta kritikoa egiteko ekintzak aurrera eroatea. Bestetik, heteroarauaren baitan sortzen diren botere harremanak apurtzera bideratutako politikak egiten jarraitzea. Azkenik, ikusgaitasuna lantzeko ekintza nahiz tailerrak antolatzea.
Markina-Xemeingo eta Ondarroako Udalek, ostera, bizitzari “baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua” egin dute: “Horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Genero desberdintasun estrukturalen gorakada errealitate ukaezina da. Krisi egoera honi erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globalenetik tokikoraino, eta alderantziz”. Horretarako, erakundeak koordinatzea beharrezkoa dela adierazi dute: “Indartuta aurre egin behar diogu daukagun erantzukizun publiko handiari, eta hori premisa feministetatik egin behar da”.
Egoerari aurre egiteko ezinbestekotzat jo dute Gobernantza Feminista garatzea: “Egiteko moduei, egiten denari baino gehiago begiratzean datza Gobernantza eredu hori. Demokratizazio prozesu bat da, oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa dakarrena”.
Halaber, Ondarroako Udalak hainbat konpromiso hartu ditu. Alde batetik, Ondarroako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako IV. Udal planaren Gobernu onaren atalean hartutako konpromisoetan sakonduko du, besteak beste, Emakumeentzako Jabekuntza Eskolari eta Etxelilari behar beste baliabide bermatuz. Bestalde, Barne Berdintasun diagnostikoa eta I. Barne Plana onartuko dute. Era berean, Ondarroako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Udal planarekin seu jazarpena eta jazarpen sexistari aurre egiteko protokoloa landuko dute udal barruan.
Eskualdea mobilizatuta. Aldarriak kalera atera dituzte eskualdeko gainontzeko herrietan ere. Berriatuan, Etxebarrian, Ispasterren, Mendexan, Munitibarren, Mutrikun nahiz Ziortza-Bolibarren ere, elkarretaratze eta manifestazioak egingo diuzte. Goizean goiz hasi dute eguna hainbat herritan, Munitibarren, kasu: hainbat emakume elkartu dira plazan, herria apaintzeko.
Gaurkoa gutxi ez balitz, bihar [martxoak 9] nahiz datozen egunetan ere, martxoaren 8ko egitarauek aurrera jarraituko dute hainbat herritan.

































































































































