Denetariko postuak egongo dira Lekeitioko Emakume sortzaile eta ekintzaileen VIII. azokan
24 postu egongo dira domekan [martxoak 16] Lekeition egingo den Emakume sortzaile eta ekintzaileen VIII. azokan. 11:30etik 14:30era egongo da, plazan.
Emakume sortzaileek hartuko dute domekan [martxoak 16] Lekeitioko plaza. Izan ere, Emakume sortzaile eta ekintzaileen VIII. azoka ospatuko da, 11:30etik 14:30era, eta guztira 24 postu egongo direla zehaztu du Ane Koskorrotza Lekeitioko Udaleko Parekidetasun Zinegotziak. “Martxoaren 8ko testuinguruan egiten dugu azoka, emakume sortzaileek presentzia edukitzeko, eta protagonistak izateko”.
Denetariko postuak egongo dira azokan, besteak beste, bitxigintza, jakiak eta ehungintza. “Eskualdeko sortzaile nahikotxo daude, Bizkaia mailako batzuk ere bai, eta Gipuzkoatik eta Nafarroatik ere badatoz batzuk”. Gainera, azoka dagoen bitartean, bolilloen erakusketa egongo da Kontzejupean.
Koskorrotzak adierazi duenez, orain arte 13 postuentzako aukera bakarrik eduki dute, baina aurten 24 posturentzako lekua egongo da. “13tik 24ra pasa gara, eta izena ematea ere altua izan da; urteroko antzekoa izan arren, aurten jende gehiagok parte hartu ahal izango du”. Azoka ikustera joateko deia luzatu du zinegotziak, eta gogorarazi du, euria eginez gero elizpera mugituko dituztela postuak: “Animatu etortzera! Eguraldi ederra badago plaza beteko dugu denon artean, baina eguraldi eskasarekin elizpean egongo gara. Musika ere egongo da, beraz, animatu, giro aparta egongo da eta!”.