Gailu digitalen erabilerak umeengan daukan eraginari buruz arituko dira Aulestin
Bi saio egongo dira: martxoaren 18an eta 25ean. Biak udaletxeko hirugarren solairuan egingo dira, 17:30etik 18:30era.
Gailu digitalen erabilerak umeengan duen eraginari buruz arituko dira Aulestin bihar [martitzena], eta martxoaren 25ean [martitzena], Urzabal Guraso Elkarteak eta Aulestiko Udalak antolatutako saioetan. Bi hitzorduak udaletxeko hirugarren solairuan izango dira, 17:30etik 18:30era, eta Ainitze Lekerikabeaskoa Arrillagak bideratuko ditu. Antolatzaileek adierazi dutenez 12 pertsonek eman dute izena.
Aulestiko Urzabal Gurasoen Elkarteak mahagainean jarritako kezkatik sortu zen saioa egitearen ideia; izan ere, guraso elkarteko kideek gailu digitalen umeengan izan dezaketen eraginaren inguruan informazio gehiago jaso nahi zuten: “Gailu digitalen erabilerak umeengan izan dezaken eragina ezagutu nahi izateaz gain, erabilera hori nola kontrolatu genezaken ere jakin nahi genuen, eta baita ere, muga jartze horrek umearen eta gurasoaren artean sortu dezakeen gatazkak nola kudeatu”. Hala, hasiera gisa biharko eta datorren asteko saioak antolatu dituzte, eta hauen erantzuna ikusi ondoren, aurrerantzean, gaia lantzen jarraitzea izango litzateke guraso elkartearen asmoa: “Saio hauek egin ostean ikusiko dugu zer atera daitekeen, baina asmoa, informazioa jasotzea da, aurrera begira egituratzen hasteko. Badakigu inguruko zenbait herritan hasita daudela gurasoak auzi honen aurrean antolatzen. Beraz, saioen arabera ikusiko dugu Aulestin zer egin genezaken”.