Aroa Arrizubieta eta Unax Aizpurua finalerdietara sailkatu dira Gaztetxeak Bertsotan zirkuituko Mutrikuko saioan
Mutrikuko Gazte Asanbladatik saioaren balorazio "oso ona" egin dute.

Itsasuko Goxoko Gaztetxean eman zioten hasiera Gaztetxeak Bertsotan zirkuituari martxoaren 14an [barikua], eta Mutrikuko Gaztetxean egin zuten bigarren geldialdia zapatuan [martxoak 15]. Publikoak erabakita, Aroa Arrizubieta eta Unax Aizpurua bertsolariak gailendu ziren saioan, finalerdietarako txartela lortuz. Bi txapeldunez gain, Iraide Onaindiak eta Maddi Agirrek, eta Joanes Azpillagak eta Julene Iturbek hartu zuten parte kanporaketan, bikoteka.
80 lagun inguru batu ziren gaztetxean, eta Mutrikuko Gazte Asanbladatik adierazi dutenez “oso ondo” joan zen bertso saioa. “Gaztetxea bete egin zen eta sekulako giroa egon zen bertso saioan. Gazteak gailendu ginen arren, adin eta herri desberdinetako jendea batu ginen, eta arratsalde zoragarria pasa genuen”. Umorea erdigunean izanik, saioa “oso dinamikoa” izan zela azpimarratu dute, eta, besteak beste, desalojo arriskuan dauden gaztetxeen auzia edota Mutrikuko gertakarien inguruan aritu ziren bertsolariak. “Ekimenak saio gehiago izango ditu, beraz, Mutrikuko Gazte Asanbladatik gainerako saioetara joateko deia egin nahi dugu. Horrez gain, Gaztetxeak Bertsotan zirkuituaren antolatzaileek egindako lana aitortu nahi dugu; beraz, eskerrik asko ekimena antolatu eta horrelako espazioak edukitzeko lanean ari direnei!”.
Hurrengo saioa martxoaren 21ean izango da Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxean, eta martxoaren 22an Altsasun burutuko dute laugarrena. Finalaurrekoak, aldiz, eguenetan izango dira: apirilaren 10ean Gasteizen eta apirilaren 17an Bilboko 7Katu Gaztetxean.

Gaztetxeak Bertsotan zirkuituko Mutrikuko saioa.Gaztetxeak Bertsotan.