Gogenolak eta Otañok finala jokatuko dute
Elaia Gogenolak eta Oaia Otañok Euskotren Winter Seriesko finala jokatuko dute, Ihart Arakistain eta Frida Watkins 2 eta 1 menpean hartu ondoren. Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi izango dituzte arerio finalean. Gizonezkoen Banakako Seriesean, Johan Sorozabalek finalerako txartela lortu du, Jean Dominique Olharan garaituta.

Elaia Gogenola berriatuarrak eta Oaia Otaño mutrikuarrak Euskotren Winter Series txapelketaren finala jokatuko dute, Helena Barrenetxea durangarraren eta Arai Lejardi markina-xemeindarraren aurka. Ihart Arakistain sopeloztarra eta Frida Watkins zumaiarra eduki zituzten aurkari Gogenolak eta Otañok atzoko [martxoak 17] finalaurrekoetan. Beste behin, Ezkurdi pilotalekua partidu ederraren topaleku izan zen, eta finalerako sailkapena hiru seteko partiduarekin erabaki zuten puntistek.
Arakistain eta Watkinsek hasiera elektrikoa ipini zioen neurketari: indartsua eta esplosiboa. 4 eta 0 aurreratu ziren, baina Gogenolak ederto hartu zion neurria norgehiagokari, eta markagailuan aldak apaldu zituen. Urduri ipini barik, berdinketa ezarri zuten horiek, batez ere, berriatuarraren ekinari esker: 5 eta 3koa eskumakada boteretsuarekin lortu zuen; 5 eta 4koa, errebeskadaz horma bitara botaz; bostera berdinketa, zazpiko koadrotik eskumaz pilota astinduz.
Zazpina eta zortzina berdindu zuten jarraian, baina handik aurrera bikote horiak nagusitasun osoz agindu zuen. Aipagarria iza zen Otaño gazteak atzealdean erakutsitako lasaitasuna eta, era berean, bere aurrelari Gogenolak bistaratutako eraginkortasuna eta defentsako solidaritatea. Watkinsek tanto eder batzuk biribildu zituen, baina setak horiek alde egin zuen: 12 eta 15 gailendu ziren berriatuarra eta mutrikuarra.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarren seta, baina, bestelakoa izan zen. Bana, bina eta launa berdinduz ekin zioten, baina gero marroiak 11 tanto egin zituzten jarraian, material bizia nahieran baliatuz. Arakistain izan zen izar nagusia. Sopelarrak kantxan erebateko nagusitasuna izan zuen; horiak, ostera, nahi eta ezin ibili ziren. Arakistainekin batera, Watkins ere maila handian azaldu zen. Bikote marroiak 15 eta 4ko markagailu ikusgarriarekin lortu zuten partidua berdintzea.
Gizonekoen Banakako Seriesean, Johan Sorozabal miarriztarrak inongo arazorik gabe lortu zuen finalera sailkatzea. 2 eta 0 gailendu zitzaion Jean Dominique Olharan pauetarrari, 12 eta 6ko nahiz 12 eta 7ko markagailuekin. Errebeskadak izan ziren Sorozabalen armarik erabakigarrienak. Miarritzekoak bere gaztetasuna, indarra eta bizkortasuna baliatu zituen, beteranoagoa den pilotariaren aurka. Sorozabalek merezimendu osoz lortu zuen, hortaz, finalerako txartela.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Beste finalista Xabier Barandika izan behar zen, baina, Araba Euskaraz Mastersaren finalaurrekoa jokatzen ari zela, eskuin belaunean min hartu zuen gernika-lumotarrak. Iragarri dutenez, aurrelariak meniskoa apurtu duela uste dute. Urte biren buruan, Barandikak min hartu duen bigarren aldia da; 2023an, izan ere, lotailu gurutzatua apurtu zuen, eta bederatzi hilabetez frontoietatik aldenduta egon zen, iazko udaberrian bueltatu ahal izan zen arte. Barandikaren aurka finalerdia galdu zuen puntista, Aritz Erkiaga ispastertarra, izango da bere ordezkoa finalean.
































