Mutrikuko Zizzo enpresak 17 langile kaleratuko ditu martxoaren 20an
Akordiorik gabe bukatu da prozesua eta langileek Fogasa Soldatak Bermatzeko Funtsera jo beharko dute enpresak zor dizkieten kalteordaina eta soldataren zatia jasotzeko.

Mutrikuko Conservas Zizzo enpresako hamazazpi langile kalera joango dira etzi [martxoak 20], enplegua erregulatzeko espedientea negoziatzeko bilerak bukatu ostean, akordiorik ez dutelako lortu. ELAk jakinarazi duenez beharginek Fogasa Soldatak Bermatzeko Funtsera jo beharko dute “epe motzean”, soldata eta kitapena kobratu ahal izateko. Ondorioz, “zor zaien kalte ordainaren zati bat kobratu gabe” geratuko dira.
Enpresa konkurtsoaren aurreko egoeran sartu zen 2025eko urtarrilean, “azken urteetako kudeaketa txarraren ondorioz”, eta langile guztiei eragiten dion espedientea aurkeztu zuen. “Negoziaketek ez dute balio izan langileen lanpostuak eta lan baldintzak bermatzeko, ezta ere kalte ordain eta soldatzen inguruan adostasuna lortzeko, akordiorik gabe bukatuz prozesua”, zehaztu du ELAk.
Gainera, egun batetik bestera jakinarazi zien enpresak langileei honen egoera. LABek egoera salatu du eta horrelako erabakiak egun batetik bestera komunikatzeak langileengan suposatu dezaken “karga handia” azpimarratu du.
Honen aurrean, langileak mobilizatu egin ziren joan den astean, “enpresak zor dien kalte ordaina emateko exijituz”. Bi elkarretaratze antolatu zituzten, eta nahiz eta honek negoziazioan ez zuen eraginik izan, herritarrak Conservas Zizzo enpresak egindakoaz jabetzeko eta langileen egoera mahaigaineratzeko balio izan zuela adierazi dute beharginek: “Langileok soilik zor zaiguna ordaintzeko eskatzen dugu, ez gehiago, ez gutxiago. Negoziazio prozesuan enpresak ez du inolako aukerarik zabaldu, eta negoziaziorako oso tarte txikia utzi digute”.