Kontzertu eta guzti dator Gazte Abesbatzen II. Topaketa
Xemein Gazte Ahots Abesbatza bi eguneko tailer intentsibo batean murgilduko da asteburuan. Domekan [martxoak 23] egindako lana erakusteko kontzertu irekia eskainiko dute, Uhagonen.
Xemeingo Gazte Ahots Abesbatza tailer intentsibo batean murgilduko da asteburuan, Gazte Abesbatzen II. Topaketan. Zapatuan [martxoak 22] goiz eta arratsalde Aitor Garitano Agirreolea musikari bergararragaz batera hainbat abestiri azken ukituak emango dizkiete. Domeka [martxoak 23] goizean azken tailerra egin, eta 17:30ean kontzertua eskainiko dute Uhagon kulturgunean.
Jakitera eman dutenez, kontzertuan eskaini dituzten abestiak lantzen aritu dira azken hilabeteetan, eta Garitanogaz abestiok biribildu eta zuzenduko dituzte: “Hainbat dinamika egingo ditugu, talde jolasak, ariketa ludikoak, ahotsa eta gorputza lantzeko ariketak… Eta guztiaren amaiera kontzertua izango da, egindako lana erakusteko”. Gogorarazi dute kontzertua ikustera edonor joan daitekeela.
Egoera “kezkagarria. Iaz antolatu zuen Xemein Gazte Ahots Abesbatzak lehenengoz topaketa, eta Lekeitioko talde batek ere parte hartu zuen. Aurten, ordea, ezin izan dute parte hartu, eta horrek agerian utzi du gazte abesbatzen egoera: “Horrek erakusten du nahiko egoera kezkagarrian dagoela diziplina. Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak aurten argitaratu du gazte taldeon egoera zein den, eta mundu koralak nahiko egoera larrian daude”. Horren arrazoietako bat errelebo falta dela azaldu dute: “Dauden koroetako adina aurrera doa, eta ez da ikusten erreleborik. Belaunaldi berrietan ez da ikusten horretarako zaletasun edo garrantziarik. Musika oso garrantzitsua da gizakiaren garapenerako, eta pertsona moduan hazi eta hezteko”. Xemeinen, esaterako, Markina-Xemeingo eskola desberdinetako umeez gain, inguruko herrietakoak ere badaude, eta elkar ezagutu eta “ondo pasatzeko” momentua bihurtzen da; hala, 8 urtetik gorako edonori abesbatzan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.