Jagoba Arrasate: "Osasunaren partidekin sufritu egiten dut oraindik"
Sadarreko harmailen burrunba, Taxoareko lan giroa, euskaraz bizitzeko aukera… Horren guztiaren falta sumatzen du Arrasatek. Hala ere, pozik dago Mallorcan, eta Osasunatik irtetea «erabakirik egokiena» izan zela uste du oraindik ere.
Mahuka motzetan dago Jagoba Arrasate (Berriatua, Bizkaia, 1978), pantailaren beste aldean. «Mallorcak gauza on asko dauzka, eta klima da horietako bat; orain, adibidez, 20 gradu ditugu». Iruñean, ordea, jendearen maitasunak ematen zion berotasuna. «Ederki hartu gaituzte hemen, baina ezin daiteke alderatu Iruñearekin».
Geldialdira 40 punturekin iritsi zarete, Espanyoli irabazi eta gero. Zuk esango zenukeen bezala, 4 zenbakia aurretik jarri duzue. Horrek lasaitasuna dakar, ezta?
Geldialdi bat datorrenean, azken emaitza ona izatea nahi duzu. Azken momentuan lortu genuen garaipena, eta irabazi izanak aukera eman digu atsedenaz gozatzeko. Urte hasieran emaitza txarrak izan genituen, baina orain sei partida daramatzagu galdu gabe, eta 40 puntu ditugu hamar jardunaldiren faltan. Hemendik aurrera, amets egingo dugu.
Iazko Kopan txapeldunorde izan zen Mallorca, eta agintariek igo egin nahi zuten langa, jokamoldeari eta Ligako helburuei dagokienez. Bada, zu aukeratu zaituzte proiektuaren gidari. Ardura handia da?
Ardura bada, baina baita erronka polita ere. Mallorcak jabe amerikarrak ditu. Kiroletik datorren jendea da, eta prozesuetan sinesten dute. Taldeak beste zerbait behar zuela iruditu zitzaien, eta nigan pentsatu zuten. Beti esaten dut notak ekainean ipini behar direla, baina oso pozik nago oraingoz. Ez da erraza talde eta toki berri batera heldu eta egokitzea, baina hasieratik oso eroso sentitu gara. Taldea oso umila eta langilea da, eta horrek asko errazten ditu gauzak. Eta, bizimodu aldetik, pozik eta zoriontsu gaude etxeko denok. Hori ez da erraza ogibide honetan.