Lekeitioko Udala harrera plan integrala osatzen ari da
Kanpotik Lekeitiora bizitzera doazenei "harrera egokiena" emateko asmoz, Harrera Gida osatzen ari da Lekeitioko Udala. Era berean, urtean zehar ongi etorri saioak ere antolatuko dituzte.
Kanpotik Lekeitiora heltzen denari “ongi etorri egokiena” emateko asmoz, Lekeitioko Udala harrera plan integrala osatzen dabil. Ziurtasunez adierazi dute Lekeitioko biztanleriak datozen urteetan “aldaketa handiak” izango dituela, eta aldaketetako bat migrazio fluxuekin lotutakoa izango dela: “Arrazoi desberdinak tarteko, egun asko dira gure herrira bizitzera etorri diren herritarrak. Denei ongi etorri egokiena emateko harrera plan integrala osatzen gabiltza”.
Hala, kanpotik Lekeitiora bizitzera doanari “harrera egokiena” emateko asmoz lanean ari da udala. Gaur gaurkoz, denek informazio zuzena eta bateratua jaso dezaten, Harrera Gida osatzen ari dira. Bertan bilduko dituzte osasun eta hezkuntza zerbitzuak, udal instalazioak, euskara ikasteko laguntzak, gizarte zerbitzuetako informazioa eta bestelako beharrezko informazioa. Era berean, urtean zehar ongi etorri saioak ere antolatuko dituzte: “Ongi etorri saioak epe desberdinetan antolatuko dira herrira etorri direnekin, udal langile zein zinegotziekin. Saioan, gida emateaz gain, besteak beste, egon daitezkeen zalantzak argitzeko aukera egongo da”.
Gidaz gain, harrera plana diseinatzeko asmoz, azken asteetan joerak nahiz bestelako datuak aztertzen aritu dira. Alde batetik, udalean barne mailako galdetegi bat egin dute: “Denetariko emaitzak jaso dira. Horri esker, kanpotik datozen pertsonen perfilak, kezkak eta ohiko galderen azterketa bat egin da”. Bestalde, kanpotik Lekeitiora doazenak udal eraikinetara joaten diren ere identifikatu dituzte.
Beheranzko joera. Gaur egun, lekeitiarren erdia (%52,3) Lekeition jaiotakoa da, eta atzerritarren tasa 2000. urtean %1,8 izatetik 2024an %10,9 izatera igaro da; halaber, migrazio saldo positiboak Lekeitioko biztanleriaren egitura aldatu duela azaldu dute. Hala ere, udalak jakitera eman duenez, 2000 eta 2024 urteen artean Lekeitiok 250 biztanle galdu ditu: “2024an udalerriko biztanleria 7.173 pertsonakoa izan da. Etorkizun hurbilean beheranzko joera areagotu liteke, bereziki jaiotza tasa txikia eta migrazio saldo positiboa nahikoa ez badago”.