Milaka lagunek "Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israelen okupazioaren amaiera" exijitu dute Donostian
Mobilizazio "jendetsua" izan zen zapatukoa. Gaur, Gure Haurrak ere Badira egitasmoak elkarretaratzeak deitu ditu ikastetxeetan.

Genozidioa Stop! Israel, ¡Alto el fuego ya! lemapean Gernika-Palestina Herri Ekimenak mobilizazio nazionala egin zuen zapatuan [martxoak 22], Donostian. Milaka lagunek “okupazioa amaitzeko” eskatu, eta berriro ere “su etena onartzeko” exijitu zioten Israeli. “Beste behin elkartu gara, Palestinako herriaren eta gizateriaren aurkako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko! Nahikoa da esateko! Eta hemendik, Euskal Herrira deritzon munduaren txoko honetatik Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helarazteko. Haritzaren herritik olibondoen herrira. Gernikaren herritik Gazako herrira”. Mobilizazioaren amaieran Jon Maia bertsolariaren hitzak irakurri zituzten Josean Bengoetxea aktoreak eta Naroa Iturri kazetariak.
Boulervardetik Sagueserainoko bidea egin zuten milaka pertsonek zapatuan, eta egoera “jasangarria” zela mahigaineratu zuten, Euskal Herritik Palestinara elkartasuna bidaliz: “Jasanezina egiten zaigu Israelen eraso bakar bat gehiago. Jasanezina handik iristen zaigun odolezko eta sufrimenduzko irudi bakar bat gehiago”. Erakundeen konplizitatean jarri dute fokua, eta Palestina herri gisa aitortzearen beharrezkotasuna azpimarratu dute: “Jasanezina da hainbat herrialdetan eta erakunderen konplizitatea. Jasanezina konponbidean pausoak eman beharrean, genozidioarekin aurrera egitea. Begi guztiak Palestinan ditugu eta hemendik, Donostiatik, Euskal Herritik mundu osoan bidegabekeria eta izugarrikeria honen aurka ari den aldarriarekin bat egiten dugu. Palestinako herriaren eskubide legitimoekin bat eginez, hemen bildu garen euskal herritarrok ere adierazten dugu ez dugula onartuko Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israelen eta okupazioaren amaiera ez den beste soluziorik”.
“Behar den guztietan” Palestinaren kontrako genozidioa salatzen jarraituko dutela adierazi zuten zapatuan, eta Palestinaren borroka “justizia unibertsalaren aldeko borroka” dela zehaztu zuten: “Genozidio ororen aurkako borroka da, giza eskubideen eta herrien eskubideen aldeko borroka da. Gutako bakoitzaren eta gure seme alaben etorkizuneko munduaren borroka da”.
Amaitzeko, “adi” egoteko deia egin zieten antolatzaileek herritarrei: “Euskal Herritar guztiei dei egiten diegu mobilizazioei adi egoteko. Ez kentzeko begirada Palestinatik. Jarraitzeko hemendik salatzen eta konponbidearen aldeko bidea zabaltzen. Palestina, zurekin gaude! Ez zaitugu inoiz bakarrik utziko! Gora Palestina askatuta!”.
Ikastetxeetako elkarretaratzeak. Bestalde, gaur, “urgentziazko kontzentrazioak” deitu ditu ikastetxe guztietan Gure Haurrak ere Badira egitasmoak, “etorkizun duin baten alde ahotsak altxatzeko”. “Sarraskiaren eta zigorberatasunaren berehalako amaiera” exijitzeaz gain, okupazioaren, apartheidaren eta genozidioaren aurka aterako dira kalera, Euskal Herria “sarraskiaren konplize izan ez dadin”. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko zenbait herritako ikastetxeek ere elkarretaratzeak antolatu dituzte 16:30ean.