Urreisti-Lekerika eta Ortiz de Mendibil-Lejardi nagusi, Araba Euskaraz masterrean
Maite Ortiz de Mendibilek eta Arai Lejardik, eta Eñaut Urreistik eta Unai Lekerikak osatutako bikoteak nagusitu ziren Araba Euskaraz Master Seriesean.

Maite Ortiz de Mendibilek eta Arai Lejardik eta Eñaut Urreistik eta Unai Lekerik osatutako bikoteak nagusitu ziren Araba Euskaraz Master Seriesean, Elaia Gogenolari eta Maialen Aldazabali, eta Aritz Erkiagari eta Julen del Riori Gasteizko Olabe pilotalekuan irabazita. Publikoak ez zuen hutsik egin, eta sarrera ona eta giro ederra nagusitu ziren.
Emakumezkoetan, partida zail bati buelta emanda irabazi zuten lehiaketa Ortiz de Mendibilek eta Lejardik: 15-10, 6-15 eta 4-5. Izan ere, Gogenola eta Aldazabal berriatuarrak nagusitu ziren lehen jokoan, Gogenola ausart eta errematatzaile aritu baitzen aurrean, eta Aldazabalek “segurtasun handiz” eutsi baitzuen atzean. Atzelari berriatuarrak huts bakarra egin zuen lehen jokoan, ezker horman pilota gaitz asko jarriz.
Bigarren setean, baina, estrategia aldatu zuten Ortiz de Mendibilek eta Lejardik, Aldazabal asko kargatuz. Gainera, aurrelari arabarrak indartsu jokatu zuen aurrean, hala errebesez nola eskumaz pilota ondo atzeratuz. Lejardi ere “seguru” aritu zen. Hala, markagailuan seira berdindu ostean, 15.kartoria zuzenean joan ziren arabarra eta markina-xemeindarra.
Hirugarren seta urduritasunez eta tentsio handiz betetakoa izan zen, eta, berriatuarrak 4-2 aurreratu ziren arren, hiru tanto segidan egin zituzten Ortiz de Mendibilek eta Lejardik, partida eta seta irauliz. “Lehenengo setean urduriago jokatu dugu, baina bigarrenean askoz hobeto aritu gara eta horrek hirugarrenerako konfiantza eman digu”, azaldu zuen Lejardik. Ortiz de Mendibilek, berriz, etxean jokatzea berezia zela esan zuen, baina txapela irabaztea are bereziagoa nabarmenduta.

Urreistik eta Lekerikak irabazi dute Araba Euskaraz master seriesa.Jai Alai Liga
Gizonezkoen lehian, aldiz, merezitako garaipena eskuratu zuten zapatuan Urreistik eta Lekerikak, bi setetan irabazita: 15-9 eta 15-13. Aurrelari mutrikuarra partida bikaina jokatu zuen, konfiantzaz lehiatuz eta erremateetan asmatuz. Gainera, sakera ere sartu zen, eta saihetsetik tanto onak egin zituen. Hala ere, Urreistik eta Lekerika bikoteak izandako hartu-emana izan zen nabarmentzekoa: elkar bikain ulertu zuten, eta horrek markagailuan ere eragin zuen. Urreisti aurrean nabarmendu bazen, Lekerikak ere partida ona lehiatu zuen, atzean lan bikaina eginez, ofizio handiz jardunez.
Lehenengo setean gehiago izan ziren, baina bigarrenean are gehiago sinistu zuten euren jokoan: izan ere, 8 eta 6ko markagailuagaz aurretik joan ziren arren, Erkiagak eta Del Riok euren gaitasuna erakutsi eta partida iraultzea lortu zuten. Hala ere, irabaz zezaketela sinistuta, 15 eta 13ko emaitzagaz biribildu zuten txapelketa irabazleek.
Euren jokoa egiten hasi zirenean, “tantoak lantzen eta atzera botatzen”, orduan uste du Lekerikak irabazi zutela partida. Hala ere, sufritu egin zuten. “Bigarren setean eurak kontzentratuago aritu dira, huts egite gutxiago egin dituzte, eta sufritu egin dugu, baina bion lanagaz lortu dugu partida aurrera ateratzea”, onartu zuen Urreistik.