Azken finalaurrekoa jokatuko dute Beteranoen Trinkete Txapelketan
Joan den domekan [martxoak 23] ezin izan zuten Lander-Foster eta Izeitxo-Martxel bikoteek jokatu. Hori horrela, domekan [martxoak 30] partida bakarrera erabakiko dute nor izango den finalerako sailkatua.
Finalaurreko bat baino ez da falta Lekeitioko Beteranoen Trinkete Txapelketa amaitzeko. Finalaren aurreko azken bi partidak joan den domekan [martxoak 23] jokatu behar zituzten arren, Lander-Foster eta Izeitxo-Martxel bikoteen arteko lehia bertan behera utzi zuten, partaide baten arrazoi pertsonalak medio. Hala, domekan [martxoak 30] jokatuko dute azken finalaurrekoa, 10:00etan; bi bikoteek hala erabakita, partida bakarrera erabakiko da zeintzuk izango diren apirilaren 6an finala jokatuko dutenak.
Rober-Egaña eta Jaunarena-Etxezarraga bikoteen arteko finalaurrekoari dagokionez, Roberrek eta Egañak lortu zuten finalera sailkatzea (30-17). Partida orekatuta hasi zen arren (2-2), Roberrek eta Egañak abiaduraz erantzun eta 10-2 markagailuan aurrera egitea lortu zuten. Jaunarenak eta Etxezarragak apur bat hurbiltzea lortu zuten arren, (10-7), irabazleek berriro ere aurrea hartu eta 21 eta 7 ipintzea lortu zuten, Egañak “defentsa ederra” erakutsiz. Etxezarraga bere aurrelariari laguntzen saiatu, eta 17 tanto egitea lortu zuten; hala ere, Rober eta Egaña “arlo guztietan gehiago” izan ziren, eta teilatua erabiliz eta airez moztutako pilotekin amaitu zuten finalaurrekoa.