Berriatuaren ostean, Markina-Xemeinen txanda da Euskaldun Torneoan
34. Sabin Foruria-Haitzasko Oroimenezkoa lehiatuko dute zapatu [martxoak 29] goizean eskualdeko errepideetatik.

Elite eta 23 urte azpiko txirrindulariek hitzordu bikoitza dute Lea-Artibain urtero Euskaldun Torneoan. Berriatuko 44. San Gregorio Saria jokatu zuten duela bi aste eta orain Markina-Xemeingo 34. Sabin Foruria-Haitzasko Oroimenezko txanda da zapatuan [martxoak 29]. Hain zuzen ere, Iñaki Trujillok, iaz Markina-Xemeinen irabazi zuenak, aurten Berriatuan irabazi zuen.
Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak iazko ibilbidea errepikatuko du. Txirrindulariek 117 kilometroko ibilbideari egin beharko diote aurre 09:45etik aurrera. Bost mendate igaro beharko ditu tropelak: Gontzugaraigane hiru aldiz, Mereludi eta Lekoitzganeko mendateak behin bakoitza. Hala ere, beste urte batzuetan bezala Munitibarretik Ziortza-Bolibarrera doan Gontzugaraiganeko azken igoera izango da erabakigarriena. Lehen postuan igarotzen duenak asko izango du irabazi, betiere aldapa behera moldatzekotan. Kontuz ibili beharko dira parte hartzaileak eguraldi aurreikuspenak ez direlako onenak eta jaitsiera arriskutsua izan daiteke. 12:30ean aurreikusten dute antolatzaileek garailea helmugara heltzea.
Euskaldun Torneoko bosgarren proba izango da Markina-Xemeingoa. Dagoeneko izen ematea amaitu da 200 txirrindulariko mugara heldu baitira, hau da, denek egon nahi dute irteeran. Sailkapenari dagokionez, Euskadi Fundazioko Aimar Galdos dago lehen postuan 43 puntugaz, bigarren Caja Ruraleko Diego Ruiz de Arkaute eta hirugarren Eisser-Hirumet taldeko Iñaki Trujillo.