Dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteentzako euskarazko diktaketa-sistema berria garatu dute
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskaren Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatuta, Orai NLP zentroak AskHezi euskarazko diktakteta-sistema berria garatu du. Hala ere, sistema umeengana iristeko azken urratsa falta da, azpiegitura handia eskatzen baitu.

Orai NLP adimen artifizialeko zentroak AskHezi, umeen ahotsekin “ongi dabilen” euskarazko diktaketa-sistema berria garatu du. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatutako proiektua izan da, eta Languneren —Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartea— aholkularitzarekin eta Euroeskualdeko hiritartasuna deialdiko diru-laguntzari eta SPRIren diru-laguntzari esker gauzatu du.
Igor Leturia Oraiko hizketa-teknologien arduradunak adierazi duenez, sistema berria “oso baliagarria” izango da desgaitasun motorrak dituzten haur eta gaztetxoen ikasketa prozesuan: “Euskarazko idazlanak egin ahal izango dituzte, tekleatu beharrik izan gabe, testua hizketa bidez diktatuta”. Azaldu duenez, plataforma berriak euskaraz esandakoa transkribatzen du, eta aldaketa edo zuzenketak “hizketa bidezko komandoak” erabilita egiteko aukera ematen du.
Hezkuntzan ikasle guztien inklusioa lortzeko bidean hizkuntza eta hizketa teknologiak “oso baliagarriak” direla nabarmendu dute Ikastolen Elkartetik. Izan ere, hezkuntza zentroek erabiltzen dituzten sistema eragileek, ofimatika programek edota online zerbitzu gehienek barneratuta dituzte hizketaren sorkuntzako, itzulpen automatikoko eta hizketaren ezagutza automatikoko sistemak. Horiek baina, ez daude euskaraz erabilgarri, eta ez daude umeen ahotsetarako eginak.

Argazkia: Ikastolen Elkartea
Lohitzune Txarola Languneko zuzendariak adierazi duenez, “hitzkuntza-teknologiak bizitzako esparru guztietara zabaltzea eta teknologiaren inklusibitatea lortzea” da Languneren helburu nagusia, eta, horretarako, kontuan izaten dute “behar bereziak dituzten haurrek teknologia erabiltzeko zer zailtasun dituzten”. Beharrizanen identifikaziotik abiatuta, eta Orairekin elkarlanean finkatu zituzten AskHezi proiektuaren oinarriak, duela hiru urte.
70.000 grabaketa
Ahotsa, euskarazko hizketa testu bihurtzeko adimen artifizialeko zentroak orain arteko tresnak umeen ahotsetara egokitu eta eredu neurolak entrenatu ditu. Horretarako, Euskal Herriko 479 ikasleren ahotsak grabatu dituzte, guztira 70.000 grabaketatik gora eginez.
AskHeziren sustatzaileak “pozik” agertu dira lortutako emaitzagaz, eta prozesua “oso interesgarria eta polita” izan dela nabarmendu dute: “Hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren aplikazio oso baliagarria da hau, dibertsite funtzionala duten haurrei euskaraz ikas dezaten laguntzeko tresna bat sortu baitugu”.
Tresna hori ikasleak erabiltzen hasteko baina, azken urratsa oraindik ematear dagoela azpimarratu dute. Izan ere, plataforma dagoeneko garatuta dago, baina ez da soilik ordenagailuan instalatuta funtzionatzen duen zerbait. “Hizketa-teknologietako eta adimen artifizialeko tresna hauek sare neuronaletan oinarritzen dira eta sare neuronal horiek ordenagailu ahaltsuak behar izaten dituzte”, azaldu du Oraiko ikerlariak. Plataforma aldi berean hainbat umek erabiltzeak “azpiegitura” eskatzen duela zehaztu du: “Zerbitzariak behar dira. Eskalagarritasuna da gure erronka handiena orain”.
“Oso aukera ona”.
Gabriel Martiarena AskHezi proiektuaren bultzatzaile izan den gurasoetako batek nabarmendu duenez, haurrek “ikasketa-prozesu bat” beharko dute tresna nola erabili, komandoak ikasi eta sistema probatzeko, baina proiektuak euskarazko ikasketa-prozesuan aurrera egiteko “oso aukera ona” zabaltzen diela azpimarratu du.
AskHeziren sustatzaileek ere “balio handia” eman diote proiektua aurrera eramateko izan duten lankidetzari: “Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetako sare publikoko eta ikastoletako hainbat ikastetxek bultzatuta lankidetzan aritu gara behar berezi bat daukaten haurrak euskaraz ikasteko duten eskubidea bermatzeko lanean”. Halaber, euskarazko diktaketa-sistema garatzeko jaso dituzten diru-laguntzen “garrantzia handia” azpimarratu dute: “Euroeskualdearen Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa programak bi urtez lagundu du proiektua, eta Eusko Jaurlaritzak ere diruz lagundu du SPRIren Adimen Artifizial Aplikatua deialdiaren bidez”.