Egitarau "borobilarekin" dator 28. Berdel Eguna
Arku Gain Elkarteak jasoko du aurtengo Mutrikuko berdel aipamena. Berdel Eguna baino lehen, zenbait ekimen antolatu dituzte.
“Egun handia” da mutrikuarrentzat Berdel Eguna, eta aurten, apirilaren 5ean [zapatua] egun guztiko egitarauarekin ospatuko dute hogeita zortzigarrena. Hala ere, eguna heldu aurretik, motorrak berotzeko asmoz, hainbat hitzordu zehaztu dituzte aurreko egunetan.
Hala, barikuan [martxoak 28] Mutrikuko Udalak urteko banatzen duen Berdel Aipamena emateko ekitaldia egingo da, 19:00etan, Zabiel Kultur etxean, eta aurten, Arku Gain Elkartearentzat izango da saria. Egun horretatik aurrea, berdel usainez jantziko dira Mutrikuko kaleak. Izan ere, zapatuan [martxoak 29], Mutrikuko Arraun Elkartearen eskutik berdel errea dastatzeko aukera izango dute herritarrek, 12:00etatik aurrera, portuan.
Datorren asterako ere hitzorduak zehaztu ditu Mutrikuko Udalak. Alde batetik, apirilaren 3an [eguena], 19:00etatik aurrera berdel pintxo potea egongo da herriko zenbait tabernetan, eta ordu berean, berdel eta txakoli ezkontza egongo da Arku Gain Elkartean, Itsas etxeak lagunduta. Honetarako izena eman beharko da Mutrikuko Turismo Bulegoan, eta 6 euro ordaindu beharko dira. Bestalde, apirilaren 4an [barikua] berriro errepikatuko da berdel pintxo potea, 19:00etatik aurrera, eta gainera, VI. Berdel Txapelketa finala jokatuko da Muruaitz frontoian, Danok Bat Pilotazale Elkartearen eskutik.
Behin beroketa lanak egin ostean, Berdel Eguna “goi goitik” ospatzeko prest egongo dira mutrikuarrak. Apirilaren 5ean ez da planik faltako Mutrikun; izan ere, goizetik hasita egun guztiko egitaraua antolatu baitu udalak. 10:30ean emango diote hasiera jai giroari Kofradiak eta Itsas Etxeak antolatutako Izan arrantzale tailerrarekin. Haurrentzako hitzordua izango da honakoa, eta portuan gauzatuko da, Kofradia Zaharreko arkupean, hain zuzen. Ordu berean, Mutrikuko 18. Belaontzien arteko txapelketa egongo da, Kalatxori Bela Elkarteak antolatuta. Artisau eta sortzaileek ere izango dute lekua Berdel Egunean; izan ere, 11:00etatik 15:00etara, Eixu Artisau Elkarteak Merkatu Txikia eta Artisau eta Sortzaileen azoka jarriko du Portuan. Gainera, goizean zehar, berdel pintxo dastaketa herrikoia egongo da bertan.
Nahiz eta portu inguruak protagonismo berezia izango duen, herrian zehar ere ekimenak egongo dira, eta Mutrikuko zenbait eragilek parte hartuko dute egitarauan. 11:30ean GRABNI banakako txapelketa jokatuko da Muruaitz frontoian, eta Gipuzkoako eta Arabako Selekzioa aurrez aurre arituko dira lehian. Ondoren, 17:00etan, binakako txapelketaren txanda izango da. Bi ekimenak Danok bat Pilotazale Elkarteak antolatu dituela adierazi du udalak. Bitarte horretan, 12:00etan, herriko abesbatzaren kontzertua egongo da Zabiel Plazan, eta 13:00etan hasita, trikitilariak kalez kale ibiliko dira, herria girotzeko asmoz. Egunari amaiera emateko, Lur Azpian taldeak hartuko du oholtza, eta ondoren, Zutik erromeriaren txanda izango da.
Boluntarioak. 28 Berdel Egunaren prestaketa eta antolaketa guztia aurrera eramateko boluntarioak behar direla azpimarratu du Mutrikuko Udalak; apirilaren 2an [eguaztena] eta 3an [eguena], 15:30etik aurrera, berdel egosia garbitzeko; apirilaren 3an [eguena] eta 4an [barikua], 08:30etik aurrera berdel freskoa garbitzeko; eta apirilaren 5ean [zapatua] 10:30etik aurrera pintxoak muntatu eta zerbitzatzeko. “Bakoitzak nahi eta ahal duenean lagundu dezake”. Boluntario bezala izena emateko bi aukera daudela zehaztu ditu; turismo@mutriku.eus helbidera mezua bidalita edota 943-60 33 78 zenbakira deituta.
Bi postu. Berdel Egunean bi foodtruck postu jartzeko baimena emango duela jakinarazi du Mutrikuko Udalak. Hala, interesdunek beren eskaintzak aurkeztu beharko dituzte martxoaren 28ko [barikua] 10:00ak baino lehen. Informazio gehiago mutriku.eus webgunean aurkitu daiteke.
EGITARAUA
Martxoak 28, barikua
- 19:00. Mutrikuko Berdel Aipamena Arku Gain Elkarteari, Zabiel Kultur etxean.
Martxoak 29, zapatua
- 12:00. Berdel errea Mutrikuko Arraun Taldearen eskutik, portuan.
Apirilak 3, eguena
- 19:00. Berdel Pintxo potea, herriko tabernetan.
- 19:00. Berdel eta txakoli ezkontza, Arku Gain Elkartean.
Apirilak 4, barikua
- 19:00. Berdel pintxo potea, herriko tabernetan.
- 19:00. VI. Berdel txapelketa finala, Muruaitz frontoian.
Apirilak 5, Berdel Eguna
- 10:30-14:30. Izan arrantzale, haurrentzako arrantza tailerrak, Kofradia Zaharreko arkupean.
- 10:30. Mutrikuko XVIII. Belaontzien arteko txapelketa.
- 11:00-15:00. Merkatu txikia: Mutrikuko eta eskualdeko ekoizleekin eta artisau eta sortzaileen azoka, portuan.
- 11:30. GRABNI banakako txapelketa. Gipuzkoa vs Araba. Muruaitz frontoian.
- 12.00. Herriko abesbatzen kontzertua, Zabiel Plazan.
- 13:00. Berdel pintxo dastaketa herrikoia, portuan.
- 13:00. Trikitilariak, herriko kaleetan.
- 17:00. GRABNI binakako txapelketa. Gipuzkoa vs Araba. Muruaitz frontoian.
- 19:00. Kontzertuak portuan: Lur Azpian eta Zutik erromeria.