Garraitz Kirol Taldeak bigarren mailan lehiatuko du
Albaceten lortu dute hurrengo denboraldirako maila igoera, egun bitan borroka estuak lehiatu ondoren. Klubeko ordezkariak "pozik" agertu dira, "lanak bere fruituak" eman dituela adieraziz.

Garraitz Kirol Taldea duatloi liga nazionaleko bigarren mailan lehiatzen ariko da hurrengo denboraldian. Iragan asteburuan lortu zuten hirugarren mailatik bigarrenera igotzea, Albaceten. Hilaren 22an Kluben Espainiako Duatloi Txapelketa lehiatu zuten; 23an, ostera, Errelebokako Espainiako SuperSprint Duatloi Txapelketa. 29 talde aritu ziren proba horietan, partaidetza goi mailakoa izan zen; gainera, lehen lau sailkatuek baino ez zuten lortuko bigarren mailara igoera.
Zapatuko jardunaldian, zortzi taldekide aritu ziren, serie bitan banatuta. Ondoren, sailkapenen araberako puntuazioa egin zuten. Lehendabiziko seriean 116 partaide irte ziren, eta Aratz Aizpuruak bigarren postua poltsikoratu zuen. Ez zen maila handian agertu zen klubeko parte hartzaile bakarra izan: Hodei Legarza 13. postuan helmugaratu zen; Martin Zubiaur, 26. postuan; eta Aner Zumaran, 62. postuan.

Argazkia: Garraitz Kirol Taldea.
Bigarren seriean 112 partaide aritu ziren, eta horietatik zortzigarrena izan zen Aner Larreategi. Jarraian, Julen Ugalde 16. postuan iritsi zen helmugara; Kepa Legarza 37.a izan zen; eta Urko Larreategik 41. postuan amaitu zuen. Jardunaldiaren hondarrean, Garraitz KTk 1.723 puntu patrikaratu zituen, eta laugarren postua lortu zuen. Edozelan ere, atzetik oso gertu zituzten Triatlon Vicalvaro (1.716 puntu) eta Triatlon Archena SIPCAM (1.710 puntu). Domekako lehiaketan erabakiko zen maila igoera, postu bakoitzak lau puntuko aldea suposatzen baitzuen.
Kale edo bale.
Domekan, Garraitz KTko sei kidek parte hartu zuten, bikoteka: Aner Larreategi-Hodei Legarza, Martin Zubiaur-Urko Larreategi eta Aratz Aizpurua-Julen Ugalde. Bikoteetako bakoitzak SuperSprint distantziako duatloia lehiatu behar zuen. Lehen metrotik, hil ala biziko borrokaldia gailendu zen, eta azken korrikaldiaren amaierara arte zirt edo zart egin ahal izan zuen postuagatik lehiatzen aritu ziren hiru taldeetako edozeinek. Aratz Aizpurua-Julen Ugalde bikoteak txirrindularitza segmentuan “kirol erakustaldia” eman zuen, baina, azkenengo metroetan, Ugaldek zulatua jasan zuen.

Argazkia: Garraitz Kirol Taldea.
Azken orduko traba hura probestu zuten talde aurkari biek, eta lehia azken lasterkaldira mugatu zen. Zulatuagatik galdutako metroak berreskuratuta, Aizpuruak eta Ugaldek aurrea hartu zieten gainontzeko talde bietako duatletei, eta bigarren mailarako atea parez pare zabaltzea lortu zuten. Taldetik azaldu dute “une oso berezia” izan zela: “Epikoa!”. Talde gazteagaz gogor lan eginez lortu du Garraitz KTk maila igoera: “Oso pozik gaude, lan gogorrak fruituak eman dituelako”. Hurrengo denboraldian, maila igoera tarteko, lehiaketek jardunaldi bakarra edukitzetik hiru izatera igaroko dira, eta batez besteko maila ere “handiagoa” izango da: “Baina jadanik bigarren mailan lehiatzeko gogotsu gaude”.