Goxua Txapelketa, finalen atarian
Zapatuan [martxoak 29] 17:00etan hasiko dira Goxua Txapelketako finalak: lehenengo bigarren mailakoa jokatuko dute, eta ostean, lehenengo mailako. Hirugarren "partida berezi" bat ere egongo da: Goñi II-Aretxabaleta eta Txirloi-Urizar.
Hamaika jardunaldi jokatu ostean, finalaren atarian daude Goxua Txapelketako pilotariak. Egun handia zapatuan [martxoak 29] helduko da, 17:00etatik aurrera, Markina-Xemeingo frontoi txikian. Bertan lehiatuko dute lehenengo mailako finala Mujika-Esnaola eta Muñozguren-Kato bikoteek, eta bigarren mailakoa, Amoto-Urrutia eta Anitua-Basterretxea bikoteek.
60 pilotarigaz hasi, eta zortzirekin emango diete amaiera txapelketari. Markina-Xemein Esku Pilota Taldeak antolatu du ekimena, eta gogoz daude finalerako: “Jende asko espero dugu. Barra bat ere ipiniko dugu eta kinielak egiteko aukera ere egongo da. Frontoi txikia betetzea espero dugu”. Gaineratu dutenez, finalen ostean hirugarren partida bat ere egongo da: “Aurten, finalez gain, jendeari frontoira etortzera bultzatzeko partida berezi bat ere sartu dugu. Goñi II eta Aretxabaleta etorriko dira, eta Txirloiren eta Urizarren aurka jokatuko dute; azken bikotea aurretik pelota eskolan ibilitakoa da, eta aurten txapelketan parte hartu dute”.
Frontoi txikira bertaratu ezin dutenek Youtubetik edukiko dute finala ikusteko aukera; azaldu dutenez, finalaren aurreko egunetan zabalduko dute zuzenekoa ikusteko esteka, Markina-Xemein Pilota Taldearen sare sozialetan.
Finalerdiak. Finalera heldu direnek joan den astean jokatu zituzten finalerdiak. Lehenengo mailako finalera heldu diren bi bikoteek txapelketan jokatutako partida denak irabazi dituzte, bakoitzak euren taldean. Horren erakusgarri izan ziren joan den asteko finalaurrekoak ere: Mujikak eta Esnaolak 18 eta 8 irabazi zieten Gorostizagari eta Arandiari, eta Muñozgurenek eta Katok, ostera, 18 eta 10, Gerenari eta Isasiri. Bigarren mailakoen artean gorabehera gehiago egon badira ere, finalaurrekoetan “maila ona” erakutsi zuten Amotok eta Urrutiak, Andoni eta Jokin 18 eta 7 mendean hartuta. Anitua-Basterretxea eta Arrieta anaien arteko lehia, ostera, estuago egon zen: lehenengo bikoteak lau tantoren errentagaz lortu zuen finalera sailkatzea (18-14).

Muñozguren-Kato eta Gerena-Isasi finalaurrekotan.Markina-Xemein Esku Pilota