Lekeitioko organoa zaharberritzeko dirua lortzeko kontzertua eskainiko dute
Zapatuan [martxoak 29] izango da kontzertua, 20:00etan.

Lekeitiok dituen beste altxorretako bat omen da Andra Mariaren Zeruratzea basilikan dagoen Aristides Cavaille-Coll organoa, baina ez dago egoerarik onenean. Hala azaldu dute Lekeitioko basilikako organoaren lagunak elkarteko kideek: “Elizako parrokoarengatik jakin dugu zelan organoa apur bat gaixorik dagoen, estropeatuta. Hori zaharberritzeko elkarte bat sortu dugu, konpondu ahal izateko”.
Hala, lekeitiarrek indarrak batu, eta herriko A. Cavaille-Coll organoa zaharberritzeko dirua lortzeko kontzertua eskainiko dute zapatuan [martxoak 29]. 20:00etan izango da kontzertua, Lekeitioko elizan; sarrerak aurretiaz Turismo Bulegoan, kultur etxean edo Musikaia Musika Eskolan eskuratu daitezke, 10 euroren truke. Egunean bertan erosteko aukera ere egongo da.
Oihana Etxabe mutrikuarraren zuzendaritzapean ariko dira Kantakai Korala, Kilin Kala Abesbatza eta Miren Eeles piano jotzailea, eta Aritz Labradorren zuzendaritzapean, ostera, Musikaiako txistu banda ariko da. Azkenik, organoa joko du Pedro Guallarrek.