Markina-Xemein izango da 'Markos Gimenoren karteletrak' erakusketaren hurrengo geltokia
Markos Gimenok egindako palindromoetatik sortutako 53 kartel biltzen ditu Joseba Sarrionandia eta Esteban Montoriok komisariatutako erakusketak.
Karmeldarren aretoak Markos Gimenoren karteletrak erakusketa hartuko du datozen asteetan, Uhagon kulturguneak antolatuta. Zapatuan [martxoak 29] zabalduko dituzte erakusketaren ateak Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailakoei bideratutako Abere ba izeneko Palindromo tailerragaz, 11:30ean, nahiz eta irekiera ekitaldia 18:00etan egingo duten. Bertan egongo dira Joseba Sarrionandia eta Juanmi Bravo ekitaldia bideratzen.
Joseba Sarrionandiak eta Esteban Montoriok komisariatutako erakusketak Markos Gimeno artistak egindako palindromoetatik sortutako 53 kartel barnebiltzen ditu, eta Gimenorekin lotura izan duten lagun eta Euskal Herriko zenbait artistek parte hartzen dute. Erakusketak barnebiltzen dituen karteletako batzuk Gimenok diseinatu zituen, baina Sarrionandiak eta beste zenbait artistek palindromoak kartel formatuan ilustratu dituzte. Hala, euskara eta sorkuntza artitikoa uztartzen ditu erakusketak.
Biharko egitarauagaz zabalduko dituzte erakusketako ateak, eta apirilaren 11rako [barikua] antolatu duten Musergo taldearen kontzertuagaz itxiko dituzte, 19:00etan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekintza guztiak Karmeldarren aretoan gauzatuko dira.
Erakusketaren ordutegiak. Apirilaren 11ra arte egongo da erakusketa Karmeldarren aretoan, eguenetik domekara. Eguen eta barikuetan 18:00etatik 20:00etara bitartean egongo da ikusgai; zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.