Zubi Zahar Herri Ikastolak azoka solidarioa egingo du apirilaren 3an
Ondarroako Danon Artin Elkartearentzat izango da azokatik lotutako dirua. Apirilaren 3an [eguena] egingo dute, 10:00etatik 12:30era.
Zubi Zahar Herri Ikastolako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek azoka solidarioa egingo dute apirilaren 3an [eguena], Alamedan. 10:00etan emango diote hasiera azokari eta 12:30era arte egongo dira bertan. Azokan lotutako dirua herriko Danon Artin Elkartera bideratuko dute. “Bizi baldintzen inguruko lanketan murgilduta ibili dira ikasleak, eta beraien bizi baldintzak beste zenbait herrialdeetakoekin alderatu dituzte. Horrez gain, ikusi dute, herritarrei laguntzeko prest dauden irabazi asmo gabeko elkarte asko daudela inguruan. Horietatik, Danon Artin Elkartea aukeratu dute, herrikoa delako eta egiten duen lana aitortzeko”.
Azoka hiru multzotan banatuko dute ikasleek: Eskuz egindako produktuak, bigarren eskuko jostailu, ipuin edota panpinak, eta janaria. Joan den astean hasi ziren materiala biltzen, eta horretarako, ikastolako gainerako ikasleei eskatu zieten laguntza: “Seigarren mailako ikasleek beraien proiektua aurkeztu zuten ikastolan, eta azokan saldu beharreko materiala biltzeko laguntza eskatu zieten beste ikasleei”. Azokara Danon Artin Elkarteko kideak eta udal ordezkariak gonbidatu dituzte, eta herritar guztiei dei egin diete datorren eguenean Alamedara joateko: “Gainera, egunean bertan, ikasle bakoitzak hiru euro eramango ditu ikastolara, eta 10:00etan irteera egingo dute azokara, ahal den neurrian laguntzeko“.