Traste handiak bilduko dituzte Amoroton
Bilketa eguenean [apirilak 3] izango da; trasteak eguazten [apirilak 2] iluntzean atera behar dira.
Amorotoko Udalak jakitera eman duenez, eguen goizean [apirilak 3] traste handien bilketa egingo dute. Halaber, botatzeko bolumen handiko trasteak dituztenek eguazten [apirilak 2] iluntzean atera beharko dituzte trasteak; ez arinago ezta beranduago ere ateratzeko eskatu dute.
Era berean, trasteok ze gunetan utzi daitezkeen ere zehaztu dute. Alde batetik, Elexaldeko zabor guneetan utzi ahal izango dira trasteak. Urrutia auzoari dagokionez, ostera, Erkaigeta, Zulueta, Irarreta eta Atxurra zabor guneetan utzi daitezke trasteak. Azkenik, Ugaran auzokoek, Klaudio eta Burdinola zabor guneetan eta Odiaga auzokoek Telleria eta Alatxa zabor guneetan utzi beharko dituzte trasteak.
Gogorarazi dutenez, hainbat zabor hondakin bereziak dira, eta horiek ezingo dira utzi eguenean: “Bakoitzaren ardura da hondakin horiek garbigune edo leku egokira eramatea”. Honakoak dira ezingo direnak atera: bolumen txikiko trasteak, erropak, pinturak, aerosolak, olioak, disolbatzaileak, bonbonak, botikak, erradiografiak, etxeko zabor organikoa, zuhaitz edo landareen ebaketa hondakinak, animalia hondakinak eta identifikatu gabeko beste edozein hondakin.