Beste txapel bat Lander eta Fosterrentzat
2023ko irabazleek berriro irabazi dute Beteranoen XIX. Trinkete Txapelketa, 30 eta 18 Rober eta Egaña mendean hartuta. Hirugarren postuan Jaunarena eta Mendez geratu dira, eta laugarrenean, Izei eta Martxel lekeitiarrak.

Lekeitiarrek, beste urte batez, Akarregi Pilota Elkarteak antolatzen duen Beteranoen XIX. Trinkete Txapelketaren finalagaz gozatzeko aukera eduki zuten atzo [apirilak 6]. Giro ederra nagusitu zen frontoian, eta maila handiko finala ikusteko aukera eduki zuten bertaratu ziren zaleek. Bai finalistak eta baita antolatzaileak ere, pozik agertu dira txapelketarekin eta parte hartzaileek erakutsitako kiroltasunarengatik.
Hala, Lander eta Foster 2023ko irabazle lekeitiarrek kantxan dominatzeko duten gaitasunaren erakustaldi ederra eman zuten, eta beste txapel batekin itzuli ziren etxera, Rober bergararra eta Egaña mendaroarra 30-18 mendean hartuz. Landerrek, gainera, Lekeitioko Kitto merkatari elkartearen saria ere jaso zuen, lekeitiar jokalari onena izateagatik: “Epaileek nabaritu dute finalista guztien artean bera izan dela onena. Trinkete jokalari bikaina da, eta besteak beste, frontoiko teilatua eta txaflana maisuki erabiltzen dakiela erakutsi du”.
Partidari dagokionez, Rober eta Egañarentzat izan zen lehenengo tantoa. Hala ere, Landerrek teilatua “bikain” erabilita, euren aldeko abantaila lortu zuen, markagailua 7 eta 3 ipinita. Jarraian, nabarmen egin zuen gora markagailuak gorrien alde: aurrean Lander kantxako “jaun eta jabe” izan dejadak eta teilatua baliatuz, eta 20 eta 7 hartu zuten aurrea. Landerren jokoagaz bat eginez, haren bikote Foster ere pilota denei erantzutera heldu zen, eta ziurtasunez jokatu zuen.
Txanponaren beste aldean, ostera, Rober eta Egaña egon ziren: “Egaña ezinean aritu zen teilatu gainekoekin eta Roberre ezin izan zen txoko guztietara heldu”. Jokoa aldatzeko saiakera egin zuten urdinek, eta hiru tanto lortu zituzten txaflanagaz. 21 eta 13 gorrienagana hurbiltzea lortu bazuten ere, gorriek azkar batean erreakzionatu zuten, markagailua 25 eta 15 ipiniz. Azken tantoetan gorriek ezusteko bat ere izan zuten: “28 eta 18 zihoazela, Landerri ihes egindako pilotak begi ondoan jo dio Fosterrei, baina sustoa baino ez da izan”. Hala, partida amaitzea lortu zuten, 30 eta 18, gorrien alde.
Aurreko postuak. Final nagusiaren aurretik, txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuten Izei eta Martxel Urkidi anai lekeitiarrek eta Jaunarena nafarrak eta Mikel Mendez lekeitiarrak. Tanto bakarraren aldeagaz izan bazen ere, Jaunarena-Mendez bikoteak lortu zuen hirugarren postuan sailkatzea, 30 eta 29 irabazita.
Antolatzaileen esanetan, txapelketako “partidarik onena eta politena” izan zen: “Markagailuan emozioa, jokaldi onak eta kiroltasuna ikusi ditugu. Txalogarria da eman duten erakustaldia”. Hasieran aurrea irabazleek hartu bazuten ere (12 eta 7), anaiek postuak aldatu zituzten, eta pixkanaka irabazleengana hurbildu ziren: “Izei aurrean bizitasun gehiagorekin nafarraren neurria hartzen joan da”. Markagailuan 23 eta 16 bazegoen ere, anaiek ez zuten amore eman, eta 24na berdintzea lortu, eta 24 eta 27 aurrea hartzea lortu zuten: “Berriro ere joku berdindua hasi zuten, eta berdinketan egin zituzten 27. eta 28. tantoetan”.
Egunagaz amaitzeko, txapelketako otzararen zenbakia zozketatu zuten: irabazlea Bego Goitia izan zen, 1504 zenbakidun boletoagaz.












