Mutrikun ospatuko den Euskal Ezkontzako bazkarian izena emateko epea zabalik dago
Maiatzaren 31n [zapatua] ospatuko da Euskal Ezkontza Mutrikun, eta bazkarian izena emateko aukera apirilaren 30era [eguaztena] arte egongo da.

Duela 16 urte ospatutako Euskal Ezkontza errepikatuko dute maiatzaren 31n Mutrikun, Gure Ametsa Dantza Taldeak antolatuta. Taldetik jakinarazi dutenez egitarau “zabala” antolatzen dabiltza egunerako, eta herriko txoko guztiak dantza eta kantuz bustitzeaz gain, ezkonkideen eta gonbidatuen bazkaria ere egongo da.
Bazkarirako izena eman beharko da, eta horretarako bi aukera daudela zehaztu dute; batetik, apirilaren 12an [zapatua] eta 13an [domeka], Beheko Plazan egongo dira antolatzaileak, bazkarira doazenen izenak apuntatzen. Bestalde, Apartak ilea apaindegian zein Aparra dendan ere egongo da bazkarirako izena emateko aukera. Izena emateko momentuan 30 euro eman beharko dira, eta azkenengo eguna apirilaren 30a [eguaztena] izango dela adierazi dute. Gure Ametsa Dantza Taldetik egunaren parte izateko gonbidapena luzatu die herritarrei, baita bazkarian apuntatzekoa ere: “Animatu jai girora!”.