Askotariko musika estiloagaz dator VII. Elizpe Rock jaialdia
Zapatuan [apirilak 12] ospatuko dute aurtengo Etxebarriko Elizpe Rock jaialdia. Lea eta Artibai eszenatokietan banatuta, 17:30ean emango diote hasiera egunari, herriko musikariekin.

Musikazaleen topagune bihurtuko da zapatuan [apirilak 12] Etxebarriko elizpea, Elizpe Rock jaialdiaren VII. edizioagaz. Urteroko formatua mantenduz, bi eszenatokitan eskainiko dituzte kontzertuak: Lea eta Artibai. Hala, 17:30ean Etxebarriko musikariak igoko dira oholtzara, jaialdiari hasiera emanez, eta 18:00etatik aurrera, 45 minutuko kontzertua eskainiko du talde bakoitzak, eszenatokiak txandakatuz.
Guztira 12 talde taularatuko dira zapatuan, eta antolatzaileek jakinarazi bezala, “askotariko” musika estiloz gozatzeko aukera egongo da: “Denetariko musika egongo da zapatuan, besteak beste, punk, punk rock, hardcore, oi!, thrascore eta metal. Horrez gain, aurten, lehen aldiz, binilo eta musika jartzaileak ere egongo dira”. Beretter, Diskonformes, 48280, Braulio, Aiama, Frakture, Jon Zabala, Lur Azpian, KSKA, Nekktar, Grip eta Daño.Dolor izango dira Lea eta Artibai oholtzetara igoko direnak.
Hamabi talde lotu eta ordutegiak zehaztea lan erraza ez den arren, “pozik” agertu dira antolatzaileak kartelagaz: “Gainera, lan taldera belaunaldi berriak sartu dira eta horrek berritasunak ekarri ditu taldera, esaterako, binilo eta musika jartzaileak aurten ekartzea, horren ondorio ere izan da”. Horrez gain, antolatzaileen ustez, azken urteetan oihartzun handiagoa lortu du Elizpe Rock jaialdiak, eta aurten ere, Lea-Artibaiko herritarrez gain, urrunagotik ere jendea etortzea espero dute: “Eskualdeko herrietatik jende asko etorriko dela badakigu; izan ere, inguruan erreferentzia handia daukan jaialdia da. Gainera, aurtengo Elizpe Rockek musika estilo desberdinak barnebilduko ditu, eta horregatik, Euskal Herriko txoko desbrdinetatik ere jendea etorriko dela uste dugu. Ermua, Mallabia, Mutriku… inguru desberdinetara heltzen gara, eta uste dugu kanpo influentzia bat ere badaukagula. Gainera, Gasteiz edo Bilbo bezalako hiriburuetatik ere hurbiltzen da jendea”.
Zapatuan ezusteko “asko” egongo direla aurreratu dute antolatzaileek, eta inguruko herritarrei Etxebarrira joateko deia egin diete: “Oso kontzertu onak egongo dira, eta uste dut ezusteko asko egongo direla. Mundu guztia gonbidatu nahi dugu jaialdira, trago bat hartu eta gustuko duen kontzertua ikustera”.