Billabaso Elkarteak irabazi du Etxebarriko 70. Pazkoetako Idi Proba Sari Nagusia
48 untza eginda, Billabaso Elkarteak bigarren urtez jarrain irabazi du Etxebarriko Pazkoetako Idi Proba. Zapatuan [apirilak 12] eta astelehenean [apirilak 14], berriz, zaldi-mando eta kinttopekoen sariketa egingo dute, probalekuan.

Etxebarriko Paztekoetako idi proben 70. sari nagusiak badu bere irabazlea. Barikuan [apirilak 4] hasi eta martitzenera bitartean [apirilak 8], probalekuak 15 parte hartzaile hartu ditu, eta bost saioak kontutan hartuta, Billabaso Elkartea izan da gailendu dena.
Idi guztiek 1.500 kiloko harria mugitu behar izan zuten herriko probalekuan, eta bigarren urtez jarrain, aurtengoan lehenengo postua eskuratu du Billabaso Elkarteak, 48 untza eta 4,76 metro eginda. Hala, Billabaso Elkarteak 1.600 euro eta Ituarte Pensuaken manta jaso zituen. Muruetako Kamiñoko erretegia (47 untza) eta Olatzar Eraikuntzak (46 untza eta 2,90 metro) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan, eta 1.500 eta 1.400 euroko saria jaso zuten.
Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea pozik agertu da idi probek izandako harreragaz: “Ondo joan da, jende dezente ibili da eta probak ere ikusgarriak izan dira, batik bat azkenengo egunekoak”. Izan ere, sailkapenaren gorenean geratu diren hiru idiak azkenengo saioan izan ziren. “Aurreko egunetan ere marka handiak egin zituzten, baina azken egunekoek marka hori hobetuko zutela aurreikusten zen, eta hala izan da”.

Argazkia: Etxebarriko Udala
Proban izandako idi kopuruagaz ere gustora geratu da: 17 parte hartzaile zeuden izena emanda (bik utz egin zuten), pandemia aurreko ohiko kopurua: “Aurreko urteetan pandemiak eragindako kaltea igarri zen gehien bat, geldi egonda idi asko kendu behar izan zirelako. Gainera, IBR gaixotasunak ere idi asko eliminatu beharra ekarri zuen, kutsatuta zeudelako”. Hala, “apurka apurka normalizatzen” ari dela zehaztu du, normalean 15-16 parte hartzaile egoten direlako.
Zaldi probak.
Pazkoetako idi proben lekukoa hartzera dator Etxebarriko zaldi-mando eta kinttopeko sariketa. Hasieran sariketa hiru saiotan banatzekoak baziren ere, Llodion egingo diren zaldi probek azken orduko aldaketak ekarri dituzte, eta azkenean bi saio izango dira: zapatuan [apirilak 12] 21:00etan, eta astelehenean [apirilak 14], 20:00etan.
Lehengo hitzorduko parte hartzaileak Etxetxo (Zumaia), Iru-Bide (Etxebarria) eta Maider Uriarte (Kortezubi) izango dira, azken biak kinttopekoetan. Astelehenean, berriz, Elkarterri Turf Powerren (Zalla), Ibekohondoren (Aulesti), Talaia jatetxearen (Zumaia) eta Gaztiñein (Markina-Xemein) txanda izango da. Markina-xemeindarra ere kinttopekoetan arituko da.
Zaldi probek ere “erantzun ona” izaten dute Etxebarrian, eta Iriondoren ustetan aurten “jende gehiago” bertaratuko da: “Herriko parte hartzaile bat dago, eskualdekoak hiru. Beste urte batzuetan ez ditugu euki, aurten bai, orduan nik uste dut erantzun ona izango duela”. Zaldi probak ikustera gertutatu gura duenak probalekuan bertan ordaindu beharko du sarrera: 15 euro zapatuko proba ikusteko, eta 20 euro asteleheneko saiorako.