Lekeitioko Udalak ez du Lekitto Musika Bandako zuzendariaren kontratua berrituko
2007tik Lekitto Musika Banda udal musika banda ez den arren, udalaren esku egon da zuzendariaren kontratazioa. Hala, zuzendariaren kontratua amaitzean, ez diote berrituko, haren aurkako testigantzen eta titulazio faltaren eraginez.
Lekitto Musika Bandak bere jarduna etetea erabaki duela jakinarazi du asteon, Lekeitioko Udalak bandako zuzendariari kontratua berritu ez diolako eta hitzarmenean aldaketak egongo direlako. Udalak azaldu du zuzendariaren aurkako testigantzen eta titulazio faltaren eraginez hartu dutela kontratua ez luzatzeko erabakia.
Hiru arrazoi eman dituzte kontratua ez berritzeko. Alde batetik, azaldu dutenez 2006tik Lekitto Musika Banda elkarte bat da, ez udal musika banda. Hori dela eta, orain arte bandako zuzendaria udalak kontratatutakoa izan den arren, ez dela zuzena azaldu dute: “Elkarteak berak kontratatu beharko luke bere zuzendaria”.
Bestalde, udalak azaldu du bandako zuzendariari hainbat alditan eskatu diola titulazioa, eta ez duela aurkeztu: “Banda zuzendariari behin eta berriro eskatu zaio titulazioa, baina behin ere ez du aurkeztu urte guzti hauetan. Udalak ezin du inor kontratatu dagokion titulazio barik”.
Era berean, udalak jakitera eman duenez, zuzendariaren kontrako testigantzak jaso dituzte: “Martxoaren 5ean email anonimo batek udalera bidali zituen banda zuzendariaren kontrako hainbat testigantza. Testigantza anonimoak ziren, baina urte askoan bandako hainbat kidek ustez sufritutako tratua azaltzen zuten”. Bestalde, email bidez jasotako testigantza anonimoez gain, aurrez aurrekoak ere jaso dituztela esan dute.
Gogorarazi dute orain arte bandako zuzendaria udalak kontratatutakoa izan denez, udalarena dela ardura. Halaber, Eusko Jaurlaritzako erakunde desberdinetan kontsultak egin zituzten, gaiari “zelan aurre egin” erabakitzeko. Gaia aztertzeko agindu zieten, eta hori eginda, hainbat pauso eman dituzte. Alde batetik, banda zuzendaritzari euren azalpenak emateko aukera eman zieten. Bestalde, udalean email bat zabaldu dute testigantzak zuzenean udalak jaso ditzan, kaltetuak babesteko asmoz; kaltetuak.lekeitiokoudala@gmail.com helbidea ipini dute eskuragarri.
Bandako zuzendariaren kontratua 2024ko otsailaren 28an amaitu zen arren, “irtenbide egoki baterako” negoziaketak hasi zituzten, eta udalak urtebete luzatu zuen zuzendariaren kontratua. Aurtengo apirilaren 30era arte dauka kontratua bandako zuzendariak, eta hori amaitzean ez diote berrituko.
Diagnostikoa. Bestalde, hitzarmenari dagokionez, udalak azaldu du 2024ko urrian ia 200 herritarrek Musikaia Musika Eskola publikotzeko eskaerak erregistratu zituztela udalean; Musikaia publikotzeak udalari ia 200.000 euroko inbertsioa eskatuko lioke urtero.
Hori horrela, udalak enpresa bati diagnostiko ekonomikoa egitea eskatu zion: “Urteetan herriko musika elkarteetan aldaketa handia eman da eta udalari ekonomikoki horrek esfortzu handia eskatzen dio”. Halaber, diagnostikoaren emaitzak jasotzen dituztenean, gaia “ondo” aztertu eta erabakiak hartuko dituzte: “Erabaki beharko dugu herri bezala musikara zenbat bideratzeko gai garen edo zenbat bideratu nahi dugun. Lekeitio moduko herri txiki batentzat oso gaitza da musika eskolara ia 200.000 euro bideratzea eta ia 100.000 euro bandara. Udaletxean herritarren diruak kudeatzen ditugu eta gure konpromisoa eta betebeharra da horiek kontuz eta arduraz erabiltzea”.