Lekitto Musika Bandak bere jarduna etengo du
Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, Lekeitioko Udalak ez du bandako zuzendariaren kontratua berritu, eta udalaren eta elkartearen arteko hitzarmena "diagnostiko ekonomiko musikal baten menpe" dago. Apirilaren 26an azken ekitaldia eskainiko dute.
Lekitto Musika Bandako kideek jakitera eman dutenez, apirilaren 30etik aurrera proiektua eten egingo dute: “Hogei urteko lana lepo gainean izanik, gure ibilbidea amaizear dagoela esatera etorri gara”. Izan ere, alde batetik, bandako kideek zuzendariaren kontratua berritzeko eskatu zieten Lekeitioko Udalari, eta hainbat arrazoi medio, udalak ezezkoa eman zien. Beste aldetik, udalaren eta elkartearen arteko hitzarmenak aldaketarik ez jasatea edo aldaketa ahalik eta txikiena izatea eskatzen zuten bandako kideek, eta gaur gaukoz, “diagnostiko ekonomiko musikal baten menpe” dago. Halaber, euren jarduna gelditzea erabaki dute.
Adierazi dutenez, azken hamarkadan udalaren aldetik bandarekiko “deskonfiantza giroa” sortu dela sentitu dute. Udalak jakitera eman duenez, bandako zuzendariari 2024ko otsailaren 28an amaitu zitzaion udalarekin zeukan kontratua, baina “irtenbide egoki baterako” negoziaketek iraun bitartean, udalak aurtengo apirilaren 30era arte luzatu zion kontratua. Bandako kideek adierazi dute iaztik hainbat “bilera eta saiakera” egin dituztela: “Iazko maiatzean udalak azaldu zigun zuzendariak udalarekin daukan kontratua ezin izango zutela berritu eta, era berean, ezagutzen dugun hitzarmea aldatu beharra zegoela”.
Zuzendariaren kontratuari dagokionez, bandako kideek salatu dute udalak eman dien aukera bakarra zuzendariaren kontratua euren gain hartzea izan dela: “Zuzendaria gure gain hartzeko prestutasunez, kontratazio hori aurrera eraman ahal izateko beharrezko baldintzak zehazten zituen proiektu bat ere aurkeztu genuen”. Izan ere, adierazi dute “herriko bolondres talde batentzako neke ikaragarria” dela mota horretako lan burokratikoei aurre egitea. Halaber, bandako kideak adierazi dute ezin direla zuzendariaren kontratazioaren arduradun egin: “Epe ertain luzean bideragarria izango den kontratu bat egiteko baldintzak udalak ziurtatu beharko lizkiguke”.
Udala egiten ari den diagnostiko ekonomikoari dagokionez, bandako kideek salatu dute diagnostikoaren nondik norakoak jakin ezean, “ezinezkoa” zaiela elkartekideei “inolako konpromisorik” hartzea: “Aro berriak datozela argi utzi digute. Beste daturik ez daukagu. Horren aurrean ezer gutxi egin dezakegu. Zoritxarrez eta atsekabe handiz komunikatu behar dugu udalak hitzarmen berri horretarako (aro berri horretarako) behar duen elkartea ez garela gu izango”.
Halaber, zuzendariari apirilaren 30ean udalak luzatutako kontratua amaitzen zaionean Lekitto Musika Banda elkarteak udalarekin daukan “zerbitzu harremana” ez da berriztuko: “Pena izugarria ematen digu 20 urteren ondoren berri hau ematea, baina egun dagoen egoera onartu ostean agur esatea baino ez zaigu geratzen”. Agurtzeko asmoz, apirilaren 26an azken ekitaldi bat egingo dutela aurreratu dute.
Elkarte izaera. 2006an, orduko udalak hala eskatuta, ordura arte udal musika banda izan zena irabazi asmorik gabeko elkarte izatera pasatu behar izan zen. Hori horrela, azaldu dutenez, 2007tik udalarekin sinatuta eduki duten hitzarmenari esker, Lekitto Musika Bandak herritarrei zerbitzu bat eskaini, eta trukean udalaren dirulaguntza jasotzen zuen.
Ildo beretik, bandako kideek gogorarazi dute zerbitzuaren gidaritza udalak kontratatutako pertsona baten, zuzendariaren, esku egon dela: “Urte guzti hauetan LMB elkarteko kide guztiok modu bolondresean egin ditugu udalarekin hitzartutako ekitaldi eta entsegu guztiak, eta baita hitzartuta egon ez diren hainbat ekitaldi ere”. Dirulaguntza, beraz, formakuntza musikalean, instrumentuetan, ekitaldi eta ikus entzunezko materialen sorreran eta talde kohesioa mantentzeko ekintzetan erabili dutela azaldu dute, beti ere, helburu bakar batekin: “Elkartearen azken xedea beti izan da bat: Herritar guztiak musikalki trebatzea (musikari eta entzule moduan), musikari lotutako bizipen esanguratsuak sortuz, honela herriko ondare musikala handitu eta aberasteko”.