Mutrikuko Musika Jardunaldien baitan, Ganbara kontzertua eskainiko dute zapatuan
Nerea eta Maddi Arriola Mendieta ahizpek eta Jon Urdapilletak eskainiko dute kontzertua zapatuan, 19:00etan, Mutrikuko Komentuan.
Mutrikuko Udalak Musika Jardunaldiak antolatu ditu udaberrian zehar. Hiru kontzertuz osatutako egitasmoa da honakoa, eta bigarrena, zapatuan [apirilak 12] izango da. 19:00etan hasiko da kontzertua Mutrikuko Santa Katalina Komentuan, eta Nerea eta Maddi Arriola Mendieta ahizpek eta Jon Urdapilletak eskainiko dute ganbarako emanaldia. Lehenengo hitzordua martxoaren 22an izan zuten mutrikuarrek, herriko musika bandaren kontzertuarekin.
Mutrikuko Udaletik jakinarazi dutenez, emanaldi “ederra” izango da zapatukoa; izan ere, hiru musikariek ibilbide “borobila” daukate: “Gazteak diren arren, ibilbide oparoa dute hiru musikariek. Nerea eta Maddi Arriola biolina jotzeaz arduratuko dira, eta Urdapilletak pianoa joko du”.
Mendaroarrak dira Nerea Arriola Mendieta (2002) eta Maddi Arriola Mendieta (2004). Zaharrena, bost urterekin hasi zen biolina ikasten, gurasoek erakutsita, eta hamaika urterekin Raffaella Acellarekin jarraitu zituen ikasketak. Geroago, bost urtez aritu zen Tatiana Samouil irakaslearekin, eta Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Eskolan graduatu zen. 2024ko apirilean, Renauld Capucon eta Francois Socharden klaresako audizioa egin ostean, Lausanne Haute Ècole Musiquen onartu zuten, masterra burutzeko. Gainera, horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Nicanor Zabaleta Beka lortu zuen. Bere ibilbidean zehar zenbait sari ere irabazi ditu, besteak beste, Triomphe del’Art Nazioarteko IV. musika lehiaketan lehen saria lortu zuen. Ahizpa gaztea ere bost urterekin hasi zen biolina ikasten, eta lehen urratsak Mendaroko Ameikutz Musika Eskolan eman zituen. Ahizpa nagusiaren modura, Rafaela Acella irakaslearekin aritu zen, eta ondoren, Liana Gourdjia irakaslearekin ibili da azken bost urtetan. Gaur egun, graduko hirugarren urtea gauzatzen dabil Musikenen. Irabazi dituen sariei erreparatuz, adibidez, Euskadiko Musikari gazteen Lehiaketako B kategorian bigarren eta lehenengo postua eskuratu zuen.
Ganbara kontzertua eskainiko duen hirugarren musikaria izango da Jon Urdapilleta (Goiatz, 1996) piano jotzailea. Donostiako Udalaren Musika Eskolan ikasi zuen pianoa jotzen, eta ondoren, Londresko Royal Academy of Musicen jarraitu zituen ikasketak, Pascal Nemirovski eta Rustem Haydoudinoff irakasleekin. Gainera, Orkestra Zuzendaritza ere ikasi zuen. Bere ibilbidean zehar, “askotariko” sariak irabazi ditu Urdapilletak, besteak beste, 1st Vienna International Music Competitionen lortutako zilarrezko domina.