Gaztetxe Eguna ospatzen ari dira mutrikuarrak

Urte osoko gaztetxeko jarduna ikusarazi eta aldarrikatzeko eguna dute gaur [apirilak 12] mutrikuar gazteek. Udalerriko eragileekin elkarlanean, Gaztetxe Egunerako egitarau zabala prestatu dute Mutrikuko Gazte Asanbladako kideek. Erdigunean dauden auziei ekarpena egin nahi diete, eta herrian gaztetxea izatearen beharra azpimarratzeaz gain, gaztetxeen aldeko borrokaren aldarria kalera atera dute.
11:30ean Goiko Plaza izan da elkargunea. Txupinazioarekin bat, txistu eta danbor doinuz bete dute plaza. Jarraian, kalejiran atera dira ume, gazte zein nagusiagoak. Gazte asanbladakoek azpimarratu bezala, herriko eragileen arteko elkarlana da gaurko eguneko zutabeetako bat, eta kalejira ere horren adibide izan da, herriko txistulariak eta Mutrikuko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideek zuzendu baitute. Beheko Plazan geldialdi txiki bat egin, eta gaztetxera hurbildu dira, gero handik berriro ere Beheko Plazara itzultzeko.
Baina txistu eta danbor hotsak soilik ez dituzte zabaldu gaur; izan ere, 13:00ak aldera trikipoteoa hasi dute, eta gero, aldiz, herriko bertsolarien neurri eta doinuetara moldatu dira. Gainera, bazkaldu aurretik, talde argazkia ere atera dute, egun berezi honetako oroitzapena ondo gordetzeko.
Beheko Plazan bazkalduko dute, eta arratsalderako musikaz betetako proposamenak izango dituzte aukeran. Izan ere, zumba eta jolas artean egingo dute digestioa, eta 18:30ean, ordea, Txaranga a la Mutrikuarraren txanda izango da. Gauean, gaztetxeko hormak ere dantzan jarriko dituzte dj-ek. 22:00etatik aurrera, DJ Urgozo, DJ KOl4k, DJ Ace eta DJ Laia Piper ariko dira musika jartzen bertan.


















































































